Kurdistango bizimodu garratzaren berri eman dute orain arte Bahman Ghobadiren filmek. Dortokek ere hegan egiten dute lanarekin ukitu zuen gailurra, pertsonen kontrako minak salduz bizi diren umeen istorioarekin –irudian, neskatxa protagonista, bortxaketa baten ondorioz izandako semea bizkarrean duela–. Grabaketa bukatu zutenean, ikusteko zailtasunak, hanka moztuta eta bestelako gaitzak zituzten haurrei ospitalean ebakuntzak egitea lortu zuen Ghobadik. Izan ere, bere herriak jasaten duen bortizkeriaren aurrean gizon konprometitua da zuzendaria.
Aurreko filmetan, protagonista Kurdistan da.
Inork ez dio inoiz arretarik jartzen Kurdistani eta hango jendeari. Pentsatu nuen nire lana zela munduan barna gure kultura erakustea, ikusle gutxirengana iristen bada ere. Espero dut elkarrizketa honek ere balio izatea irakurleen artean jendeak interes gehiago izan dezan Kurdistani buruz.
Haurtzaro krudela izan zenuen. Zure pelikuletan agertu ohi diren umeekin identifikatzen zarela pentsatzen dut.
Nire pelikuletako eszenatoki eta pertsonaia gehienek nire haurtzaroan eta nerabezaroan dute jatorria. Filmeko istorio horiek ikusten ditudanean, nire burua ikusten dut; hain zuzen, arrazoi horregatik da nire lana sinesgarria, ez baita irudimenetik sortutako edo asmatutako zerbait.
Kurdistan inguruko mugak oso presente daude zure zineman. Zein esanahi dute?
Nire filmetako pertsonaia ezkorrenak mugak dira, istorioko heroien garaipenerako benetako oztopoak. Kurdistani min emateko egin den gauzarik ankerrena mugak ezartzea izan da, lau herrialderen artean zatituz: Iran, Irak, Turkia eta Siria. Gudak egunero ikus ditzakegu muga hauen inguruan.
Gogorra da Kurdistanez eskaini ohi duzun irudia: gerran, erbestean etengabe bizi den herri nomada eta sufritua.
Horixe da gure egoera, eta ez dut biolentzia sartu nahi nire filmetan baina Gobernua izan zen gure bizitzetan biolentzia sartu zuena, gure etorkizuna suntsitzeko asmoz. Kurdistanen etorkizunari argitasuna emateko egiten du lan zinema kurduak.