argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2009ko irailaren 15

Txertoa argitaletxeak bederatzi eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzendutako bost biografia plazaratu ditu, Nor da? bildumaren baitan. Martin Ansok eta Miren Arratibelek euskaratu dituzte liburuak: Marco Polo abenturazalea, Mozart musikari txiki handia, Darwin bidaiaria, Clara Campoamor emakumeen eskubideen defentsan eta Lorca eta haren xarma.

 

Agin Rezolak irabazi du Bertsolari Gazteen Lizardi Saria. Zarauzko Zinema Pilotalekuan jokatutako finalean Aitor Urbieta, Miren Amuriza, Unai Gaztelumendi, Uxue Alberdi eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa ere aritu ziren bertsotan. Saioa amaitu aurretik, Iñigo Legorburuk Basarri Bertsopaper Saria jaso zuen.

 
 

Dionisio Barandiaran enpresari eta arte sustatzailearen biografia aurkeztu zuen pasa den astean haren familiak, Azarolako Dunixi izenburupean. Ataunen jaioa, Donostiako Barandiaran Galeriaren sortzailea izan zen, eta Egia auzoan Dunixi zinema aretoa zabaldu zuen.

 

Joan Mari Irigoienek Orbetarren trilogiako bigarren liburua plazaratu du: Haragiaren gauak eta egunak (Elkar). Bestea da mundua eleberriari ematen dio segida, eta Regina eta Nazarioren zazpi seme-alabak dira protagonistak. Istorioa XX. mende hasieran dago kokatuta.