Jexux Mari IrazuDani Blanco
II
Asko paroan, hainbat EREan,
zenbat gaixorik ohean?
Norbaitek lanik egingo al du
aurtengo udazkenean…
Arretarako funtzionariak
zerbitzu amaigabean…
Ere euskaraz jarriko zuten
manparaz beste aldean.
III
Euskaldunaren elkarbideak
meritu handiak ditu
aldi berean egiten gara
bakandu ta ugaritu.
Siglak aldatu, siloiak gorde,
aparato bat erditu...
Bat zirena bi, hamaika bat joan
ta dozena bat gelditu.
IV
Bertsolariak epaitegira,
mailutxoa berriz trebe.
Juztiziak ta bertsoak biek
neurria ez al dute lege?
Neurri libreko doinu bakarrak
gure bukaera xede…
Besarkada bat Jon eta Arkaitz
ta baita besteoi ere.
V
Gehiegi nahiak zabaldu omen
krisi beltz honi atea.
Lepoan soka, gerrikorik ez
eta bankuan katea.
Patrika-arteko itun soziala,
hutserantz jarri betea.
Zorpetzea da lehentasuna,
ez transbertsalitatea.
VI
Irailean mareak baina
Ernion zita itzela
Larrun, Gorbea, Auña Mendi zein
Kantauri bueltan direla.
Ez zabaldu asko han jai giroa
ta perspektiba daudela
ze Gorbeako regimentua
azalduko da bestela.
Doinua: “Ijito jende hoienak”.