argia.eus
INPRIMATU
Ia dena hankaz gora
Jon Torner Zabala @jtorner 2009ko irailaren 20a
Ia dena
Ia denaIa dena
“Nor arraio da [m] bezala sinatzen duen personaje hau?”, galdetu genion Euskaldunon Egunkarian lan egiten zuen lagunari, marrazkilari zirikatzailearen komiki-tirak deskubritu genituenean. “Zumaiar xelebre bat da. Jon Mantzisidor. Mantxi. Musika talde batean ere aritzen da”, erantzun zigun. Ordura arte (2002. urtea-edo izango zen) ez genuen ezagutzen, eta ezustean harrapatu gintuen erokeria garratz hark. Juanito Oiartzabali moztutako behatzek oxigenorik gabe eta Juanitorik gabe Xoxote mendira egindako espedizioaren komikia adibidez izugarria da.

Osama Bin Laden satorrari buruzko komiki-tira absurdoekin erakarri zuen Gora Japon musika taldeko kide den marrazkilariak gure arreta, azeituna beltzen begiradapean egurra partitzen zuen ertzainak bere jarraitzaile bihurtu gintuen, eta Esperman izeneko super heroiaren isuriekin hooligan kategoriara igo –ala jaitsi?– ginen.

Orain Ia dena liburuan jaso ditu tira horietako batzuk, 1997tik 2007ra bitartean hainbat egunkari eta aldizkaritan argitaratu dituen komikiekin batera. Euskal Herriko egoera absurdoa, heriotza, sexua, bikote harremanak.... gai ugari jorratzen ditu Mantxik, jenialidade handiagoz komiki-tiretan, nire ustez, umore absurdo eta garratz hori apur bat lausotzen den istorio luzexeagoetan baino.