argia.eus
INPRIMATU
Dirulaguntzen objektibotasun eza
Joxe Mari Auzmendi 2009ko irailaren 20a
Joxe Mari Auzmendi
Joxe Mari AuzmendiDani Blanco
Hik Hasi euskal heziketarako aldizkariak bere 15. ikasturtea hasi berria du 2009-2010 ikasturtean. Aurtengo udan, gainera, X. Hik Hasi Udako Topaketak burutu ditu EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailarekin batera.

Orain arteko ibilbidean ezaugarri bat izan badu, hezkuntza arlo guztiekin elkarlanean aritzeko agertu duen prestutasuna izan dela esan genezake: Unibertsitate guztiekin, Hezkuntza Sailekin, Foru Aldundiekin, Udaletako euskara teknikariekin, hezkuntza sare eta arlo guztiekin, Aisialdia taldeekin eta abar.

Egindako bidean, Administrazio beretatik tratamendu oso desberdina jaso du. Har dezagun Hezkuntza Saila adibide gisa.

Hastapenean, ez zuen proiektua aintzat hartu, aldizkaria argitaratzen hasi eta urte pare bat pasatu arte. Ondoren, elkarrizketen bidez, oinarrizko adostasunera iritsi ziren. Izan da Hik Hasik egitasmoa indartzeko diru gehiago ez eskatzea harritu duen kontseilaririk: haren esanetan, bitarteko gutxirekin gauza asko egiten zituen Hik Hasik; izan bada, aldizkariak irakasleen prestakuntzarako lehentasunik ez duela uste duenik ere.

Urte horietan, Hezkuntza Sailaren aldetik jaso dituen jarrerak ere oso bestelakoak izan dira: batzuetan, bilera eskatu, elkartu, eztabaidatu eta erabakiak hartu izan dira; beste batzuetan, aldiz, bilera eskatu eta urteak pasatu dira erantzunik jaso gabe, baina aurretik zeuden akordioak errespetatu dituzte.

Alde bakar bateko erabakiak ere egon dira: Hik Hasi egitasmokoekin hitz egin gabe, erabakiak hartuz.

Heziketaren esparruan ari garela kontuan hartuz, jendartearen kohesioa bilatu behar dela deritzot. Eredu irekiak eta egokiak eskaini behar dira, bizikidetzarako jendartea irudikatuko dutena, eta praktika ildo horiekin koherentea egingo duena. Horretarako, behar-beharrezkoa da irekiak egotea, besteekin konfiantza izatea, parte-hartzea sustatzea, leial jokatzea eta demokrazian sakontzea.

Hezkuntzan, euskaran edo kulturan bezala, akordio orokorrak egon behar dute, ahalik eta jendarte esparru gehien jasoko dituen ildo estrategiko adostuak egon beharko lukete, jarraipen koherentea egon dadin.

Hala, Administrazioetan gertatzen diren alderdi politikoen aldaketek ez lukete pendulorako gaur egun dagoen aukera eskainiko eta jendarte kohesioan asko lagunduko luke horrek.

Ametsa ote? Ez. Bada halako ereduak praktikatzen ari den jendarterik, Europako hainbat herrialdetara begiratzea besterik ez dago: Suitza, Finlandia... Hemendik gertu, Katalunian bertan, badugu zer ikasi hango Hezkuntza akordioaz eta balioak lantzeko batzordeaz.