Bost urteko begirada mugen gaineko errealitateari

  • Gaindegiak, Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behategiak, bost urte bete ditu Euskal Herriko lurraldea egituratzeko lanean. Hala, zazpi lurraldeetan unean uneko gizartearen eta ekonomiaren egoera aztertu, islatu eta zabaldu du ahalegin horretan.
gaindegia
www.gaindegia.org
Jaio eta bost urtera, bidezkoa da aitortzea Gaindegiak eginahal guztia egin duela sortzetik finkatutako helburuak betetzeko, nahiz eta arduradunek berek onartu alderdi batzuetan ez dutela helburu horiek betetzea lortu. Izan ere, horrelako herri ekimenek berezko dituzten zailtasunez gain, Euskal Herria hainbat administraziotan banatu eta zatikatuta dago eta Behategiak horri aurre egin behar izan dio bere lanean.

Gaindegiak 2004ko maiatzaren 29an onartu zituen sortze-oinarriak, Iruñean, hain zuzen. Oinarri horietan, jada aipatzen zen zein zaila den inposatutako lurralde zatiketa bat tartean dagoela lan egitea, finkatutako helburuak lortzeko. “Inposatu diguten lurralde zatiketaren eraginez, eragozpen nabarmenak ditugu aipatutako hausnarketa eta ekarpen ondasuna bideratzeko. Sakabanaketa handia sortzen da eta horrek, oraingoz, galarazi egin du Euskal Herriaren errealitate ekonomikoa eta soziala ikuspegi osatu eta antolatuan proiektatzea”.

Sortu zela bost urte diren honetan, Gaindegia hainbat ekitaldi ari da prestatzen. Euskal erakunde hori barruagotik ezagutzeko eta urte hauetan guztietan egindako lan, txosten, dosier eta artikulu ugariak eskuratzeko; hemeroteka kontsultatzeko interesa dutenek eskueran dute behategiaren webgunea: Era berean, webgune horretan bertan jakin ahal izango dute nork osatzen duen erakundea, nola egin daitekeen bazkide edo laguntzaile, zein erakundek babesten duten eta abar.

Sorrerako hiru helburuak

Hiru ziren Gaindegiaren sorrerako helburuak. Lehena: Euskal Herriko egoera aztertzea. Erakunde eta administrazio publikoak, lan eta ekonomia munduko antolakundeak –sindikatuak, enpresaburuen elkarteak eta gizarte erakundeak–, unibertsitateak eta ikerkuntza zentroak esparru sozio-ekonomikoa aztertzen ari dira aspaldiko urteotan, gehienetan nork bere aldetik eta beren jarduneko mugen barruan. Dokumentazio eta ikerlan ugari dago, zein baino zein interesgarriagoa, baina ikuspegi bateratua falta da. Hain zuzen, horixe da Gaindegiaren helburua: Euskal Herri osoko ikuspegi global eta bateratuari heltzea.

Bigarrena, loturak sortzea eta sareak garatzea. Euskal Herriko eragile sozioekonomikoen arteko loturak sustatzea, elkar ezagutza bultzatzea, teknologia eta jakintzaren transferentziari bide ematea, organismoak eta haien proiektuak lurralde ikuspegitik egituratzen laguntzea, berdin enpresa erakundeekin, lan elkargoekin, sindikatuekin, profesionalekin zein kazetari-sareekin. Alegia, lurraldeen artean zein lurralde bakoitzaren barruan dauden desorekak aztertzea eta desoreka horiek gainditzeko bideak aurkitzea.
Azkenik, informazioa zabaltzea eta eztabaida bultzatzea da Gaindegiaren sorrerako hirugarren helburua. Horretarako, Euskal Herria egituratzeko eta garatzeko lanean sakontzen saiatzen da behategia, Euskal Herriaren egungo irudia zabaltzeko. Eragileen arteko bidezko lehiakortasunari muzin egin gabe, erakutsi nahi da badagoela aukera izaera nazionala duten proiektuak garatzeko, horretarako estrategia mailako eztabaidak bultzatuta.

Autokritika

Gaindegiako arduradunek ez dute ezkutatzen zer zailtasun dauden helburu handi horiek gauzatzeko eta beren buruari kritika egiten diote aurrera begiratzeko eta, helburu guztiak betetze aldera, baldintzak hobetzeko. Hala, lehen helburuari dagokionez, Gaindegiak egindako lana oso emankorra izan da eta frogatuta geratu da badagoela aukera nazio mailako dimentsio ekonomiko eta sozial hori garatzeko: Datu Talaia baseak, adierazle ekonomikoek eta abarrek horixe erakusten dute. Bigarren helburuari dagokionez, Gaindegiak onartu du, borondateak borondate, ezin izan dituela bultzatu ekonomiaren eta gizartearen esparrua egituratzeko espazio nazionalak; espazio horiek lortzeko ahaleginean ezin izan duela eragin, alegia. Hirugarren helburuari buruz, berriz, hainbat jardunaldi, mintegi eta abar egin badira ere, Gaindegiako arduradunek onartu dute badirela mugak; proiektua maila kualitatiboan eta kuantitatiboan gizarteratzeko mugak, hain zuzen.

Aurrerantz

Gaindegiak konpromisoa hartu du aurten ere jakintza sortzeko eta zabaltzen jarraitzeko. Erakunde moduan indartu nahi du eta eragile sozio-ekonomikoekin elkarrizketa ere sendotu nahi du. Krisi garaietan, behatoki honek ere jasan du eragina eta, horrenbestez, egitura aldetik gastuak murriztea eta finantziazioa eta auto-finantziazioa sendotzea da helburua.
Atlasa.net
Gaindegia hasiera-hasieratik jabetu da zein garrantzitsuak diren teknologia berriak mezuak eta lanak zabaltzeko. Webguneaz gain, behatoki honek beste lanabes teknologiko garrantzitsu eta interesgarria jarri du jendearen eskueran: www.atlasa.net. Gune horrek Euskal Herriko gizartearen eta ekonomiaren egoera zein den jakiteko aukera ematen du. Gainera, lanabes hori egunez egun hobetzea da asmoa.

Interneteko atlas estatistikoa da atari hori. Geografia eta Euskal Herriko gaur egungo datuak konbinatzen ditu. Euskal Herriko gizartearen eta ekonomiaren egoera hobeto ezagutzeko diseinatuta dago, baita Euskal Herria munduan kokatzeko ere.
Euskal Herriko ekonomiaren eta gizartearen atlasa lau hizkuntzatan dago: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Proiektua garatzeko, hainbat erakunderen laguntza izan du Gaindegiak; Eusko Jaurlaritzarena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, Eustat-ena, Euskal Herriko Unibertsitatearena eta Gezki-rena, hain zuzen ere.

Azkenak
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Apunte batzuk atarikoan

Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk... [+]


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


PPk euskararen irakaskuntza presentziala ezabatu du Valentzian, EAEko hauteskunde kanpaina betean

Valentziako Hezkuntza Kontseilaritzak 16 hizkuntzetatik bederatzietan murrizketak jakinarazi dizkie Hizkuntza Eskola Ofizialei, eta euskal hizkuntza da okerren geratu dena.


Eguneraketa berriak daude