argia.eus
INPRIMATU
Betiereko bizitzaren bila
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2009ko irailaren 20a
Anubis
Anubis
Egipto K.a. 1327. Tutankhamon faraoi gaztea hil zen. Baina hiletak gutxienez 70 egun geroago egin ziren, tarte hori behar baitzuten gorpua momifikatzeko, hau da, faraoia betiko usteldu gabe biziko zela bermatzeko. III. dinastian (K.a. 2800. urtean) zabaldu zen momifikazioa Egipton, goi klaseetan, noski, garestia baitzen betiereko bizitzara fresko iristea.

Momifikazioa lau fasetan egiten zen, Anubis jainkoaren zaintzapean. Lehenik, senitartekoek gorpua garbikuntza dendara (obi) eramaten zuten. Han, gorpua ur freskoz garbitzen zuten, berpizkunde-otoitzak irakurtzen zituzten bitartean. Antzinako Inperioan, obia piramideen eremuko haraneko tenpluan zegoen.

Garbiketaren ondoren, organoak atera behar ziren gorpua usteltzea saihesteko. Sudurzuloetatik ahalik eta masa entzefaliko gehien ateratzen zen. Ondoren enborraren ezkerraldean ebakia egiten zuten harrizko labanez –obsidianazkoak, beharbada–, hortik erraiak kanporatzeko. Erraiak bereiz baltsamatzen zituzten, eta lau ontzi kanopeotan gordetzen.

Gorpu hustua palma-ardoz eta espeziaz garbitu, eta mirraz, kasiaz, esentzia usaintsuz eta natri izeneko gatzez betetzen zuten. Ondoren, gorpua natroietan sartzen zuten 36 egunez, deshidratatzeko. Eta orduan hasten zen sazerdoteen lana: gorpua garbitzen zuten, ukitu batzuk ematen zizkioten haren itxura hobetzeko, erraiak erauzteko egindako zauria argizariz edo urrez ixten zuten, gorputzeko zuloak lihoz eta erretxinaz betetzen zituzten eta hatzak atzandelez estaltzen zituzten.

Hildakoa birsorkuntza gelara (per nefer) eramatea zen hurrengo urratsa. Lehenik hesgailuak gorputz-atal bakoitzean bereizirik jartzen zituzten eta, gero, gorputz osoa biltzen zen. Hesgailuen artean zinginarriak jartzen zituzten, gorpua, zientziak ez ezik, magiak ere gorde zezan.

Behartsuenek gatzaldi azkar bat besterik ez zuten izaten eta haien gorpuak berehala usteltzen ziren. Aberatsenek, aldiz, betiereko bizitza lortu zuten, nolabait. Ez zen izango haiek esperotakoa, baina 4.000 urte geroago bizia eman diote beren zibilizazioaren historiari.