"Garesti ordaindu dut kurduekin bat egitea"

  • Dortokek ere hegan egiten dute film bikainarekin hunkitu egin gintuen 2004an Bahman Ghobadi Irango zinemagile kurduak (Baneh, 1968). Muga, gerra eta miseria artean bizirauten duen haur taldearen istorioak Urrezko Maskorra irabazi zuen Donostian. Gaia ez da ezezaguna Ghobadirentzat, bonbardaketetatik ihesi nomada bihurtu behar izan baitzuen 11 urterekin, eta hainbat senide galdu zituen bidean. 2006an, bigarren Urrezko Maskorra jaso zuen Half moon lanarengatik. Aurten, Zinemaldiarekin harreman berezia duen autoreak bosgarren filma ekarriko du gurera: No one knows about persian cats.
Bahman Ghobadi
Bahman GhobadiJ. C. Ruiz / Argazki Press
Half moon filmaren ostean, depresio gogorra jasan zuen Ghobadik, baina burua altxatu eta lan berri bat egiteko indarrak atera ditu. Kurduentzako zinema egiten duela dioen arren, Kurdistango landa girotik aldendu da oraingoan, eta Teheran urbanitan murgildu da, ohiko tonu kritikoa mantenduz. Katuak eta zakurrak ezin dira Irango kaleetatik ibili, bestela atxilotu egiten dituztelako. Berdin gertatzen da erregimenarekin bat ez datozen musikariekin, batez ere debekatua dagoen Mendebaldeko musika egiten badute. Hala, klandestinitatean jo behar duen rock talde gazte baten istorioa kontatu du Ghobadik No one knows about persian cats lanean. Dagoeneko Canneseko Un certain Regard saria jaso du filmak.

Erregimen iraniarraren gogortasuna salatu duzu azken filmean.


Bai, nola ez? Ezin duzu imajinatu zer den hura, ez zenuke sinetsiko kurduak nola bizi izan garen hogeita hamaika urtez torturaren eta sufrimenduaren menpe. Iraniar gehienek ez digute inolako arretarik jartzen, ez dute jakin nahi nolakoak garen.


Hain zuzen, pelikula Teheran kanpoaldean ezkutuan errodatu behar izan zenuen, Gobernuak filmatzeko baimena debekatu zizulako. Astebetez kartzelan izana zara Iran eta Irak arteko Kurdistango muga zeharkatzeagatik, eta berriki zure bikotea [Roxana Saberi kazetari iraniar-estatubatuarra] kartzelara eraman dute, espiatzeaz akusatuta... Nobela beltza dirudi!


Bai, eta gainera ez da egoera isolatua, kurdu eta iraniar askok errealitate horixe bizi dute egunero. Guk behintzat aukera dugu munduari kontatzeko Iranen bizi diren milioika pertsonak guk baino askoz baldintza okerragoak jasaten dituztela eta hiltzeko arriskuan daudela. Lehen beldurra nion heriotzari, baina orain, gure jendeak eta herriak jasandako ezbehar guztien ostean, garrantzi gutxiago ematen diot, arruntagoa iruditzen zait heriotza.

Half moon-en argi utzi zenuen emakumeen egoera oraindik eta zailagoa dela.


Hala da. Nire herriaren historian, bereziki Kurdistanen, edozein garaitan emakumeek jazarpen lazgarria sufritu dute beti, ez dira bizi nahi duten moduan. Eguneroko bizitzaren arlo guztietan inposaketak dituzte, bai familian, baita gizartean ere.


Nola sentitzen zara zentsoreek diotenean kurdu separatista bat zarela eta zure pelikulak debekatu egin behar direla “Iranen kontrakoak” direlako?


Sufrimendutik eta minetik irribarre egiten dut, irribarre hori hasperen handi bihurtzen den arte. Zentsore lanetan ari den pertsona bakar bat ere ez dago ondo burutik, artistak porrotera eraman nahi dituzte, iraniar kultura suntsitu nahi dute tortura eta indarra erabiliz. Nire aurreko lanengatik ez nuen halako jazarpenik merezi eta orain ere ez dut merezi. Bakarra eta justua izango den Iran baten alde ari naiz borrokan, denentzako justizia izango duen Iran baten alde.

Nire lagun eta lankide iraniarrei esan nahiko nieke, ez ordea erregimenari, kurduok ez garela separatistak. Iraniar zinemaren historia osoan, bost-hamar pelikula ditugu kurdueraz, Irak, Turkia, Iran eta Siriako mugen artean 35 milioi kurdu bizi diren toki batean. Ezin dut ulertu nola mundu osoari nire kultura erakusteko kurdueraz bizpahiru film egiteak bihurtu nazakeen separatista… Barregarria da!

Eta zein puntutaraino autozentsuratu behar izan duzu zure burua, Gobernuaren zentsura saihesteko?


Egunero hainbat egoerek behartzen naute zentsura erabiltzera, dela nik neuk ezarrita, Gobernuak edota kurduek eurek. Bai, kurduek, beraiek ere badituztelako ikusi eta onartu nahi ez dituzten errealitateak eta gehienek behin eta berriz eskatzen didate baikorrago agertu ditzadala filmetan, errespetuzko jendea direla erakutsi dezadala. Horregatik, zentsura pixka bat sartu izan dut, baina azken lanarekin zin egin diot nire buruari ez dudala inoiz gehiago zentsurarik onartuko.

Depresioan murgildu ondoren, musikari esker atera zara aurrera, eta musika da zure azken bi filmetako protagonista.


Musika bizitzaren elementurik garrantzitsuena da kurduentzako, esanahi berezia du eta janaria eskuratzea bezain inportantea da gure kulturan. Musikari esker, denbora luzez bizitzaren sufrimendua egunez egun jasan dezakete herrikideek, euren helburuetara gerturatzen eta motibazioekin jarraitzen laguntzen dielako.

Dokumental kutsua dute zure filmek, benetako gertakizunetan oinarrituta daude eta aktore ez profesionalak erabili ohi dituzu, baita oraingoan ere. Erosoago sentitzen zara eurekin?


Bai, erosoago nago jende horren artean, pertsona errealetan oinarritutako istorioak hartzen ditudalako; ez ditut filmak egiten, ez naiz zine zuzendaria, pertsonaiei nahi dutena egiten eta esaten uzten diet, ez ditut behartzen aktore profesional izatera. Oso une zailak igaro ditut nire pelikuletako aktoreen alboan, euren etxeetan izan naiz, batera bazkaldu dugu… eta bizitza errealean ikusi dizkiedan jarrerek istorioa osatzen lagundu didate.

Zure filmen beste ezaugarri bat: pelikula gogorrak izan arren, umorea darabilzu. Tragediaren erdian, irudi eder eta irrigarriak ikus ditzakegu.


Nik filmetan erakusten dudan errealitatea baino latzagoa da benetakoa, tragedia handiagoa da. Halako drama ikuslearentzat jasangarria izan dadin, umorea erabiltzen dut. Beraz, esan daiteke benetako tragedia pixka bat zentsuratu behar izan dudala.


Zinema iraniarraren olatu berriaz hitz egiten hasi dira jaialdietan –Mahkmalbaf ahizpek pelikula bana aurkeztu dute Zinemaldiaren aurreko edizioetan–, Kurdistango errealitatea ere erakutsiz. Nabarmentzea lortzen ari da zuen zinema?


Ez dakit ba… Dena den, oso pozik naiz halakoak entzuteaz; ahal bezainbeste emango nuke munduan zinema kurdua erakusteko bide berriak irekitzeagatik.

Zinema militantea egiten duzula esan al daiteke?


Egia esan, nire helburua ez da zinema militantea egitea, ez dut politikarik sartzen filmetan. Kontua da politikak berak hartu dituela nire pelikulak, gure Gobernuak aspaldi jarri ziolako ikur politikoa Kurdistani. Eta iraniarrei kurduei buruzko oso irudi txarra saldu die. Gobernuak militarrez eta jeneralez bete ditu Kurdistango hiriak, bereziki nire herria (Sanandaj), kurduak sufriarazteko. Han, kurdua ez den jendeak gidatzen ditu bulego guztiak. Kurduentzat ez dago lanik Gobernuko bulegoetan, gure sinesmenengatik eta bereziki gure erlijioagatik.

Irango azken hauteskundeek mobilizazio handiak eragin dituzte, batez ere zure filmetako protagonisten antzerakoen artean. Zerbaiten hasiera izan daiteke?


Nire pelikuletako pertsonaiak beti egon dira aldaketaren alde, baina erregimen honek inoiz ez die aldatzen utziko. Desberdindu daitekeena da lehen euren motibazioa banakakoa zela eta orain talde-motibazioa dagoela. Azken filmean agertzen diren nerabe musikari underground horietatik gizarteko maila guztietara hedatu da aldaketa nahia.


Debekatutako filma kaleratu ostean, Iranera itzultzeko beldur zara? Protagonistek esan dute ez direla berriz itzuliko. Zure jaioterrira bueltatu ahal izango zara noizbait?


Inoiz ez dut beldurrik izan Iranera joateko eta etorkizunean ere ez dut izango, nahiz eta egia den garesti ordaindu dudala nire herrikideekin bat egitea. Jaioterrira itzuliko al naizen? Noizbait agian bai, egunen batean, baina gaur egun askoz gauza garrantzitsuagoak ditut egiteko eta gai naiz horiek kanpoan burutzeko. Nire herrian mundu guztia bizi da oso egoera kritikoan. Iranen ez dago bakerik, ez segurtasunik, bereziki Kurdistanen.
"Kurdistani min emateko egin den gauzarik ankerrena mugak ezartzea izan da"
Kurdistango bizimodu garratzaren berri eman dute orain arte Bahman Ghobadiren filmek. Dortokek ere hegan egiten dute lanarekin ukitu zuen gailurra, pertsonen kontrako minak salduz bizi diren umeen istorioarekin –irudian, neskatxa protagonista, bortxaketa baten ondorioz izandako semea bizkarrean duela–. Grabaketa bukatu zutenean, ikusteko zailtasunak, hanka moztuta eta bestelako gaitzak zituzten haurrei ospitalean ebakuntzak egitea lortu zuen Ghobadik. Izan ere, bere herriak jasaten duen bortizkeriaren aurrean gizon konprometitua da zuzendaria.

Aurreko filmetan, protagonista Kurdistan da.


Inork ez dio inoiz arretarik jartzen Kurdistani eta hango jendeari. Pentsatu nuen nire lana zela munduan barna gure kultura erakustea, ikusle gutxirengana iristen bada ere. Espero dut elkarrizketa honek ere balio izatea irakurleen artean jendeak interes gehiago izan dezan Kurdistani buruz.

Haurtzaro krudela izan zenuen. Zure pelikuletan agertu ohi diren umeekin identifikatzen zarela pentsatzen dut.


Nire pelikuletako eszenatoki eta pertsonaia gehienek nire haurtzaroan eta nerabezaroan dute jatorria. Filmeko istorio horiek ikusten ditudanean, nire burua ikusten dut; hain zuzen, arrazoi horregatik da nire lana sinesgarria, ez baita irudimenetik sortutako edo asmatutako zerbait.

Kurdistan inguruko mugak oso presente daude zure zineman. Zein esanahi dute?


Nire filmetako pertsonaia ezkorrenak mugak dira, istorioko heroien garaipenerako benetako oztopoak. Kurdistani min emateko egin den gauzarik ankerrena mugak ezartzea izan da, lau herrialderen artean zatituz: Iran, Irak, Turkia eta Siria. Gudak egunero ikus ditzakegu muga hauen inguruan.

Gogorra da Kurdistanez eskaini ohi duzun irudia: gerran, erbestean etengabe bizi den herri nomada eta sufritua.


Horixe da gure egoera, eta ez dut biolentzia sartu nahi nire filmetan baina Gobernua izan zen gure bizitzetan biolentzia sartu zuena, gure etorkizuna suntsitzeko asmoz. Kurdistanen etorkizunari argitasuna emateko egiten du lan zinema kurduak.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako Zinemaldia
2023-10-02 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldiak eman duena
Oroituko dugunaz


Sail Ofiziala. 9.eguna | Lehiatu ez diren bi lan
Dantza egiteko unea


Eguneraketa berriak daude