Barricada taldeko Alfredok Nabarra aldizkarian [La tierra está sorda diskoa argitaratzean, Barricadak Warner-ekin sinatuta duen kontratua amaituko da]: "Argi dago diskoetxeak hondoratzen ari direla, sistema hori pikutara doala eta autogestioaren bidetik beste aukera batzuk aztertu behar ditugula, baina oraindik ez dugu halako erabakirik hartu. Etorkizuneko erronka izanen da, baina unetxo hau disfrutatu nahi dugu lehenbizi".
Bizidunen eta Interneten artean zer nolako parekotasunak aurki daitezkeen azaldu du Marko Txopitea aholkulari informatikoak Gaur 8 aldizkarian. Bere artikulutik hartu dugu pasarte hau: "Ordenagailuetako birusek onddo, bakterio eta birus biologiko askok erakusten dituzten ezaugarri berdinak dituzte: medioan zehar mugitzen dira, hazi egiten dira eta ugaldu ere egiten dira. Birus informatiko asko ezkutatu egiten dira, eraso egiten dute eta, ugalketa prozesuan beraien burua klonatu beharrean, semeek ezaugarri desberdinak izatea lortzen dute. Hala ere, inork ez du serio pentsatzen gizakiok artifizialki diseinatutako sistema hauek bizidunak bezala sailkatzerik dagoenik. Nanoteknologiari esker edo, gizakiok hazi eta ugaldu egiten diren birus biologikoak artifizialki diseinatzen hasiko bagina, bizidunak bezala sailkatuko al genituzke?".
Oscar Candendo Zabala organistak Euskonews&Media agerkari elektronikoan: "Organoak normalean auditorioetan ipintzen dira. Euskaldunan, esaterako, organo handi bat dago. Kursaalean ez dago eta hori, egia esan, oztopo handi bat da; baina, auskalo, agian egunen batean eraiki ahal izango da. Izan ere, errepertorio sinfoniko handia dago organoarekin, eta orkestra on bat bai, baina auditorioan organorik ez badago, ordezko elektronikoetara jo behar izaten da. Eta hori onartezina da beste musika-tresna batzuetan!".