Pop-rockari eta melodien bihurguneei etekina ateratzen

  • Rafa Rueda ::Zuhaitz okerretan gora noa

    autoekoizpena

    iraupena ::43´04´´

    prezioa ::14.95€

Zuhaitz okerretan gora noa
Zuhaitz okerretan gora noa
Urte asko, ugari, dira Rafa Rueda mungiarrak bizitzako bide zuzenen ordez bestelakoak, korapilatsuak baina gustukoagoak aukeratu zituenetik. Bakarkako formatuan kaleratu duen azken diskoan hori erakutsi du, jakina; baita, aurrekoarekin bezala, melodia sendoetan eraikitako kantuen sortzaile oso dotorea dela. AEBetako eta Euskal Herriko puntako musikariez inguratu da bere kabuz egindako kantuak borobiltzeko; eta idazle dotoreekin sentimenduak hitzetan azaltzeko. Aspaldian hartutako ohiturari jarraituta, pop-rocka da ildo nagusia, baina badira bihurguneak bidean: Autoan-en sonoritate amerikarra, Maddi Oihenartek jantzitako Jira eta buelta folkya banjo eta guzti, Cale-ren esperimentazioarekin jostatzen den Paris 1919 eta Argazkia atzera begirako piezaren ukitu orkestrala, besteak beste.
Rafa Rueda
"Musikan ziurgabetasunarekin elkarbizitzen ikasi behar da"

Honako hau al da gusturen utzi zaituen diskoa?


Gauzak gero eta hobeto egitea muga duen edozeinentzat, azkenekoak beti lan onena izan behar du. Nahi nituen baliabideak eskura izan ditut eta horrek nire ibilbidean pauso nabarmena emateko aukera eman dit. Autoekoizteak, adibidez, aurretik ez nuen perspektiba batez jabetzen lagundu dit, baita lan osoaren kontrola izaten ere. Kantak egiten sendotu naizela uste dut.

“Ez egin jaramonik aholkuei, beldurretik sortu dira gehienak”. Kasu egin ez duzun zer aholku daukazu gogoan?


Hainbat. Adibidez, eskolan zientzietako ikasketak egitea gomendatu zidaten eta letrak aukeratu nituen. Gogoan daukat ikasketa buruari esan niola musikari izan nahi nuela; beste bide batetik jotzeko aholkatu zidan. Ez nion jaramonik egin eta, momentuz, ez naiz damutu, nahiz eta arrisku handiko apustua den. Ziurgabetasunarekin elkarbizitzen ikasi behar da, eta hori ez da erraza.

“Ogi apurrekin itzuli nahian nabil ezarian”. Nora heldu nahian?


Niretzat, helmuga baino, benetan garrantzia duena bidea da. Helmuga norabidea zehazteko aitzakia izan daiteke, baina nik ibiltzean gozatzen dut. Diskoak egin ahal izatea pribilegioa da, eta zer esanik ez musikatik bizimodua ateratzea. Saiatzen naiz pertsonalki eta profesionalki gauzak gero eta hobeto egiten; hori da nire bidea.

Abestiek ñabardura ugari dituzte...


Uste dut musikari bakoitzak oso ondo ulertu duela bere rola, eta halakoetan gauzak askoz errazagoak dira. Emandako pausu guztiak ondo pentsatuta zeuden eta horrela asmatzea samurragoa da.

Zer ematen dizu pop-ak beste estilo batzuek ematen ez dizutena?


Batez ere, kantua eta melodia lantzeko aukera. Estiloen mugak zirriborrotsuak dira; zer den pop-a, jazza, rocka... Kanta eta melodia garatzeko eremu aproposa da popa, eta momentuz oso gustura nabil estetika horretan.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude