"Marko demokratikoa lortzeko ekimen bakarra konfrontazio politikoa da"

  • Donostia, 1968. Antimilitarista. Burujabetzaren aldeko desobedientzialaria. Autodeterminazioaren Biltzarren (ABK) kidea iraganean. Maltzagako Mahaiko kidea egun. Talde honek Lizarra-Garaziko Akordioa sinatu zuten eragile guztiak deitu ditu –irailaren 12an– burujabetzaren aldeko blokea sustatzeko.
Patxi Azparren
Patxi AzparrenDani Blanco
Lizarra-Garaziko Talde Iraunkorrean aritu zen Autodeterminazioaren Biltzarren (ABK) izenean. 2000ko urrian espetxeratua izan zen hilabete batez, 18/98 sumarioan auzipetua. 2007an aske geratu zen, kargurik gabe.

Antropologia Sozial eta Kulturalean lizentziatua. Geografia eta Historian diplomatua. Gurasoen Tapiztegian hasi zen lanean hamasei urterekin. Azkeneko zazpi urteotan Pasaiako AEK-ko Euskaltegian dihardu, arduradun nagusi eta irakasle. Bertan solastatu gara.

Hamaika urte joan dira Lizarra-Garaziko Akordioa sinatu zenetik. Etsipen garaia bizi dute subiranozaleek. Zein da egoeraren zure balorazioa?


Balorazioa ezkorra edo baikorra egin daiteke, berau egiten duzun garaiaren arabera. Akordiora eraman gintuen garaia berealdikoa izan zen. Hedabide ofizialek erakusten zuten gizarteaz harago, beste ekimenak ere bazirela erakutsi genuen subiranozaleok. Gure herrian bestelako joera politikoak garatzea dagoela, alegia.

Ekimen politiko zibilaren alde ari garenok Lizarra-Garaziko Akordioan geure izaera sartzea lortu genuen. Txikia irudi badezake ere, hori lorpen handia da. Egia da, egungo informazioak esaten digu gaizki gaudela, Akordioaren garaian baino zatiketa handiagoa dagoela abertzaleen artean. Baina ez gara ezkorrak, ondo informatutako baikorrak baizik.

Dena dela, zaila dirudi baikor izateak.


Gu baikorrak gara, abertzaleon orduko indarrak ez direla aldatu pentsatzen dugulako. Herri honen gehiengoa marko juridiko-politikoa aldatzearen aldekoa da, eta gehiengoa ere gatazka politikoaren espresio bortitzaren aurka dago. Horiek ez dira aldatu, indarrak islatzeko moduak aldatu dira. Eta hori gertatu da Lizarra-Garazin ginenok zerbait gaizki egin dugulako, baina denok.

Iaz hamar urte bete ziren Akordiotik, aurten hamaika. Zer da aldatu urte honetan?


Eragileen arteko zatiketak iaz baino handiagoa dela dirudi, baina iaz zegoen adostasun maila eta oraingoa antzekoa da. Akordioaren edukietan iaz baino aurreratuago gaude. Urtetik urtera gero eta nabarmenagoa da marko juridiko-politikoak ez duela balio –ez Hegoaldean ez Iparraldean–, eta berau aldatzeko herriari hitza eman behar zaiola.

Gehiengoak oso barneratuta dauka burujabetza herriari hitza emanez lortuko dela. Eta honek balio du hiru eremuetako markoak aldatzeko: Iparraldekoa, Nafarroa Garaikoa eta EAEkoa. Burujabetzaren aldeko aldarrikapenek aurrera egin dute, eta hau erabakitzeko eskubidearen bitartez lortuko da. Horretarako baina “bake” egoera iraunkorra behar da.


Prozesuan hiru lurralde administratiboak sartuko direla aipatu duzu.


Hori da Akordioaren garaitik eman den beste aurrerapauso bat. Egungo prozesuak dinamikoa eta originala izan behar duela onartzen dugu denok, hiru eremu administratiboetan abiadura ezberdinak behar dituela. Orduan, eragiletako gehienek uste genuen posiblea zela prozesua erritmo berean gauzatzea, une berean eduki berberekin. Esperientziak erakutsi digu hori ez dela posible, eragile guztiek onartzen dute tokian tokiko egoerak kontuan hartu behar direla. Historiak ekarri dituen eremu administratibo bakoitzak bere ibilbidea egin beharko du, bere ezaugarri eta indar korrelazioaren arabera.


Artean Anoetako Proposamena eta Loiolako elkarrizketak izan dira. Horietatik ere zerbait ikasiko zen...


Anoetako Proposamenak negoziazio prozesuan arlo militarra eta politikoa ezberdindu behar direla dio. Lizarra-Garaziko Akordioan hori nahasita zegoen: bakea eta lorpen politikoak nahasi ziren. Anoetakoak bi arloak bereizi behar direla adierazi zuen. Bortxa politikoaren espresioek sortutako egoera ETAk eta estatuek konpondu behar dutela. Arlo politikoan aldiz, guk ez dugu ikusten negoziazioa beharrezkoa denik. Gure helburuak konfrontazioa demokratikoaren bitartez lortu behar dira. Euskaria Fundazioak garbi utzi du hori.

Euskaria Fundazioa eta Maltzagako Mahaia ari da burubelarri lanean egun. Argitu iezaguzu beren ibilbidea.


Euskaria Fundazioa 1986 urtean sortu zen. Autodeterminazioaren Biltzarrak (ABK) ekimena sustatu zuen besteak beste. Baina ABK 19/98 sumarioan sartu eta gero deuseztatu zen. Fundazioak jarraitu du legala delako, bere jarduera abertzale guztien arteko lana bultzatzea izaki. Maltzagako Mahaia ekimen horren adierazlea da. Maltzagako aldarria proposatu ondoren –iazko apirilean 1000 sinadura baino gehiago bildu zuen– ekimena sustatzeko talde eragilea eratu zuen. Herri mugimenduko eta alderdi abertzale guztietako (EAJ, EA, Batasuna, Aralar eta AB) kideak daude modu pertsonalean.


Nolako esperientzia da herri mugimenduaren eta alderdien artekoa?


Neronek nahiago nuke, aukera balitz, askapen nazionalaren eta aldakuntza sozialaren prozesuak herri mugimenduak egingo balitu. Talde handian antolaturik askoz eraginkorra izango zen eta denok askoz erosoagoak egongo ginateke. Baina herri mugimendua ahul dago, urte hauetan guztietan protagonismo politiko nagusia alderdiek hartu dute. Zaila da alderdiekin aritzea, besteak beste, hauteskundeak etengabe direlako, eta alderdien lehentasuna hauteskundeetako emaitzak direlako.

Ondorioz, alderdiak zenbat eta gertuagoak izan bata bestearengandik, hauteskunde garaian bereziki arazoak handiagoak dira. Zenbaitetan errazagoa daukate arerioen artean moldatzea, ondo-ondoan dauden alderdien artean baino. Hauteskundeak gero eta gertuago izan eta zailago dugu alderdiak elkarlanean jartzea.


Alderdi abertzaleek badute zer ikasia.


Bai. Espainiar nazionalismoa nagusiki bi alderditan lerrokatuta egon arren, bi joerak elkarrekin ari dira akordio estrategikoen bidez. Lotsarik gabe, hauteskundeei begira bereziki. Subiranozaleok aldiz gero eta zatituago gaude. Alderdi abertzaleek nazio estrategia komuna landu behar lukete egoera gainditzeko.

Ezker abertzale historikoa legez at dagoen bitartean, maniobra margen txikia da.


Espainiako Gobernuak ezker abertzalea joko politikotik at nahi du, guztiz indargabetua. Espainiarren nazio estrategiaren ardatza hori da. Hori ekiditeko ezinbestekoa da ezker abertzale ofizialak politikaren arlo guztietan normaltasunez parte-hartzea. Noski, hori lortu ahala egokia litzateke borroka politiko hutsetara mugatzea. Gure lehentasunetako bat Batasunaren harreman politikoa erraztea da, baina argi edukita estatuen indarra gainditzeko estrategia bakarra ekimen politiko hutsa garatzea dela.

Batasuneko zuzendaritza ia osoa espetxean dago...


Batasunarekin harremana gauzatzea delitua da. Oso zaila da, estatuek egoera oso zailean jarri dutelako. Baina Maltzagako aldarria egin zenetik Batasuneko kide ezagunek parte hartu dute ekimenean, Tasio Erkiziak besteak beste. Gurekin sinatu dute, argi eta garbi, giza eskubide guztiak errespetatu behar direla. Hori da lortu behar dugun jokalekua.


Polo subiranista bultzatuko duela iragarri zuen ezker abertzale ofizialak.


Euskaria Fundazioak nazio estrategian jardun dezake bakarrik, beste arlotan bakoitzak ikusi behar du nondik nora jo. Ondo informatutako baikorrak gara, eta badakigu zaila dela polo subiranista bideratzea. Dakiguna da, aldaketa ematekotan Lizarra-Garaziko Akordioaren hausnarketa landu beharko dugula denok. Eragile guztiek barneratu behar dute marko demokratikora eramango gaituen ekimen bakarra konfrontazio politikoa dela. Horrek eragin behar du ETAren baitan.

Hirugarren saioa litzateke. ETAren su-etena behin-betiko izatea ezinbestekotzat al du Maltzagako ekimenak?


Guk prozesua abiatu dadin lanean dihardugu. Burujabetasunera eraman gaitzakeen prozesua indarrean jartzen badugu, ez dakigu ETAk erantzungo duen. Dakiguna da gure lana ETAk armak behin-betiko utz ditzan bideratuta dagoela.


Herri mugimendua ahul da eta ETAren erabakia falta da.


Ez dakigu ETAk zer pentsatzen duen, baina Euskal Herriak zer eskatzen duen garbi dago. Guk herri honen indarrean konfiantza dugu burujabetzaren bidean harago joateko. Gure logika politikoaren arabera posible da burujabetzaren aldeko gehiengo sozialak lortzea.

Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetan gainera, leku bakoitzean gehiengo alternatiboak lortzeko moduak badaude, landu behar dira. Gehingo alternatiboak gorpuzteko eta lanean hasteko hainbat bide urratu daitezke, prozesua abiatu ondoren eragile berriak sortu daitezke.

ASTEKARIA
2009ko irailaren 13a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude