'Blindness' filmaren irudia'Blindness' filmaren irudia
Ensaio sobre a cegueira. Jose Saramago.
(Caminho, 1995; gaztelaniaz, 2003, Santillana)
Oporrak, lasaitasuna... Liburu batzuk ez ei dira gomendagarriak pilak kargatzen ari garen sasoirako, baina hala ere ausardia eduki dut, polizia-nobela merke biren artean, Jose Saramagoren Ensayo sobre la ceguera irakurtzeko, bigarrenez gainera! Gaztelaniaz eman dut izenburua, ohartu zaitezte mesedez; pentsatzen dut egilea bera ez dela asaldatuko jatorrizko portugesa hemen ez aipatzeagatik, iberismoaren defendatzailerik sutsuena denez gero.
Ensayo sobre la ceguera Saramagoren eleberririk onena da kritika-egile eta irakurle gehienen ustez. Berriki filma egin denez, Julianne Moore eta guzti, ezagutuko duzue argumentua: denbora laburrean, herrialde bateko biztanle guztiak itsu geratzen dira, bat izan ezik. Gizarte-egi-turak hankaz gora jartzen ditu epidemiak, eta kaosak hartzen du haren lekua. Baina badago logikarik kaos horretan, izan ere, itsumenak eragin duena beste gizarte mota bat baino ez da, oihanaren legea esaiozue nahi baduzue. Fuera konbentzioak, ongi etorri biziraupen hutsa, indartsuak ahula zapaltzea zaborretatik hartutako janari puska erdi usteldu bat lortzeko. Hori da protagonista nagusiaren begietatik ikus dezakegun errealitate latza, horregatik utzi du Saramagok pertsona bat epidemiatik libre: irakurlearekiko bitartekaritza egin dezan. Behin eta berriz, nobelako pertsonaiek esaten dute gizatasuna galdu dutela ikusmenarekin batera, itsuen mundu horretan denak animalia bihurtzen hasita daudela. Baina nobelak aurrera egin ahala konturatuko gara egileak esan nahi duena aurkakoa dela. Apainkeriak kenduta, ez baitira hain desberdinak ikus dezakegunon mundua eta itsuena. Agian pertsonak, benetako pertsonak, behin ikusmena galduta gelditzen den animalia hori besterik ez gara.