Futbol profesionala, porrot ekonomikotik gertu

  • Espainiako Estatuko Lehen eta Bigarren Mailako futbol profesionalak 4.000 milioi eurotik gorako zorrak ditu –zergetan 627 milioi euro zor dizkio Ogasunari– eta porrot egiteko zorian dago. Ez dago ez arautegirik ez kontrolik, eta futbol industriaren sektoreko adituek esaten dutenez, estatu, erkidego eta tokiko administrazio politikoak futbol klubekin elkar hartuta daudelako jarraitzen du egoera larri honek.
Ricardo Kaká
Ricardo Kaká
Cristiano Ronaldo, Kaká eta beste batzuen eskandaluzko fitxaketa ikaragarri garestiek agerian utzi dute Espainiako Estatuan futbolaren industriak daukan negozioa. Industria horrek milaka milioi euro mugitzen ditu, baina oinarri faltsuen babesarekin: diru publikoa, babes politiko publiko susmagarri samarrekin egiten diren lursailen birkalifikazioak, eta klubek administrazio publikoekin zor handiak pilatu arren administrazioek kluben kudeaketa kontrolatzeko ahalegin eza. Hala, Espainiako futbol profesionala kinka larrian dago gaur egun.

4.000 milioi eurotik gorako zorra

Futbolaren gai korapilatsu hau aztertu dutenen artean Josep María Gay de Liébana katedradun kataluniarra da aipagarriena. Finantza Ekonomia eta Kontabilitateko irakasle titularra da Bartzelonako Unibertsitatean eta UEFAn aholkulari lanak ere egiten ditu. Futbol profesionalaren egoera makalari buruzko txosten mardula idatzi du azken hilabeteotan. Horretarako, Merkataritza Erregistroa arakatzen aritu da. Txosten horretan ikus daitekeenez, Espainiako Lehenengo Mailako ligako klubek bakarrik –eta horien artean ditugu Bilboko Athletic eta Osasuna euskal taldeak– 3.400 milioi eurotik gorako zorra pilatu dute, garai bateko bilioi erdi pezetatik dezente gorako zorra, alegia. Zor handienak dituzten taldeak Real Madril (562 milioi euro zor), Atletico Madril (510 milioi), Valentzia (502) eta Bartzelona (437) dira.

Bigarren Mailako taldeen zorrak gehituz gero –hortxe ditugu Reala eta Real Union euskal taldeak– zenbateko horiek erraz iristen dira 4.000 milioi eurotik gora. Zenbateko ikaragarri horretatik 607 milioi euro baino gehiago Lehenengo eta Bigarren Mailako klubek Zerga Agentzia edo Ogasunarekin dauzkaten zorrek osatzen dute. Ogasuneko azken datu hori ofizialki ezagutu ahal izan da, Espainiako Gobernuak berak eman duelako, IU alderdiak Parlamentuan egindako galdera bati erantzunez. Klub guztien artean daukaten zorraren zenbatekoa da Espainiako Gobernuak jakitera eman duen bakarra. Klub bakoitzaren zorra zein den ezin omen du argitara eman, horiek isilpean gorde beharreko datuak ei dira eta. Horretaz guztiaz gain, klubak zorretan daude Gizarte Segurantzarekin ere. Hortaz, ez da harritzekoa Lehenengo eta Bigarren mailako klub asko porrot teknikoan egotea.

Esate baterako, jakina da Lehenengo Mailako Malaga eta Xixongo Sporting taldeek Lehiaketa Legeari atxikitzea edo ordainketak etetea erabaki dutela, Gizarte Segurantzarekin eta Zerga Agentziarekin (Ogasuna) daukaten zorrari aurre egin ahal izateko. Egoera berdintsuan daude Bigarren Mailako beste zenbait talde ere, besteak beste Alaves eta Reala euskal taldeak, Celta galiziarra, eta Murtzia, Las Palmas eta Levante espainiarrak. Eta txosten hau argitaratzen denerako, ziur asko Lehenengo eta Bigarren Mailako beste talde asko egongo dira azaldu berri dugun egoeran.

Agintarien onespena

Egoera hau ezinezkoa litzateke estatu, erkidego eta tokiko agintari politikoak futbol klubekin elkar hartuta egongo ez balira. “Espainiako futbolak instituzioen oniritzia jaso du futbol agintarien kudeaketa ekonomiko ezin okerragoa salbatzeko”. Ogasuneko Teknikarien Gestha Sindikatuko idazkari nagusia den Jose Maria Molinedok esaldi horrekin laburbildu du futbol profesionaleko Lehenengo Mailako eta Bigarren A eta B mailetako klubak, agintarien oniritziarekin, nola iritsi diren Ogasunarekin 627 milioi euroko zorra edukitzera eta altxor publikoaren zordun handienetakoak izatera.

Ez da futbol profesionalak zerga betebeharrak betetzen ez dituen lehenengo aldia. Aurreneko aldian zorra Espainiako Estatuak irentsi zuen eta, hurrengo aldian, kirol elkarte anonimoak sortu ziren, kudeaketa profesionalizatzeko eta klubak ekonomikoki bideragarriak bihurtzeko helburuarekin. Molinedoren arabera, lege hura onartu zenetik ia 20 urte beranduago, futbol profesionaleko klub guztiak dira sozietate anonimoak, Real Madril, Bartzelona, Bilboko Athletic eta Osasuna izan ezik. Alabaina, daukaten ustezko gizarte erantzukizuna behin eta berriz koartada gisa erabiltzen dute kudeaketa txarren ondorioak konpontzera instituzioen laguntzaren bila joateko.

Analistek diotenez, espainiar futbolaren tradiziozko eredua, batez ere oraingo krisialdiarekin, bukatu da. Gayren arabera, “transferentzien prezioen burbuila airea galtzen ari da eta higiezinen merkatua behera doa ziztu bizian. Espainiar futboleko pelotazoen eta diru xahutzeen garai loriatsua bukatu da”. Gauzak horrela, espainiar futbolaren etorkizuna zalantzaz josia dago eta aurreikusten zaila da. Gayren iritziz, klubak dagoeneko badauzkaten zorrei aurre egiteko gai izango direla ere ezin da bermatu, zorra askoz handiagoa baita gaur egun kluben diru iturri ia bakarra diren materialaren salmentarekin, telebistarekin, txartelen salmentarekin eta kinielekin irabazi daitekeen diru kopurua baino. Molinedo ere oso ezkorra da. Klubek Ogasunari ordaintzea horrela zaila izango dela ziurtatzen du. Bere ustez, irtenbide bideragarri bakarra Kirol Kontseilu Gorenak (KKG) kontuak ikuskatzea eta klubak porrotera eraman dituzten kudeatzaileei –bada garaia eta– erantzukizunak eskatzea litzateke.

Kontrolek kale egiten dute

Arautegirik ez izateak eta kontrolek kale egiteak eraman dute futbol profesionala hondamendira. Horretan bat datoz Alcalán Merkataritza Zuzenbideko katedra duen Otero Lastres eta Gay de Liébana adituak. Otero Lastresek dio kudeaketa horrek indarrean dauden legeak ez betetzea eragin duela, arau-hauste larria beraz. Erreakziorik ez da izan, legezko bi kontrolek –Profesionalen Futbol Ligak (PFL) eta Kirol Kontseilu Gorenak (KKG)– kale egin dutelako. Gay de Liébanak, gainera, bi erakunde horiek salatu ditu. KKG erakundeaz zera esan du: erakunde horrek “kontuen kopiak eskatzen dizkie klubei baina gero inork ez ditu kontrolatzen”. PFL erakundeaz daukan iritzia, berriz, hauxe da: “Finantzetan diziplina ezarri beharko luke; Lehenengo eta Bigarren Mailako klubak ikuskatu eta bideratu beharko lituzke. Baina egia esan behar bada, bere zereginetan erabateko utzikeria erakusten du orain PFL-k”.

Futbol kluben ohiko kudeatzaileen jardun protokoloa hauxe izan da 2008. urtera arte: merkatura irten eta milioi askoko kontratuak eskaintzen dizkiete ondo kotizatuta dauden jokalariei. Gero, ziurrak ez diren aukeretan oinarrituz, aurrekontuak diseinatzen dituzte. Ziurrak ez diren aukera horiek Txapeldunen Ligarako sailkatzea edo Lehenengo Mailan jarraitzea izaten dira, likidezia bermatzen baitute; Lehenengoak, telebistako diru-sarrerak dakartzalako eta, Championsak, 160 milioi eurora arteko sariak ziurtatzen dituelako. Sari horiek irabaztea aurreikusten dutenez, kreditua eskatzen dute soldatak finantzatzeko, klubek izaten dituzten ohiko diru-sarrerekin ez baitira iristen. Bidean, Ogasunari ordaintzeari uzten diote. Ez Gobernuak eta ez PFL-k inoiz erantzukizunik eskatu ez dietenez, kutxa, udal eta autonomia erkidegoei maileguak eskatzen jarraitzen dute, birkalifikazioekin edo toki administrazioen kargurako azpiegiturekin kostuak ordaintzeko. Azkenean, horiek guztiak soldaten gastuak ordaintzeko nahikoak izaten ez diren eguna iristen da. Eta presioa jasan ezin dutenean, ohiko kudeatzaileek Lehiaketa Legera jotzen dute porrota saihesteko.
Euskal taldeek 171 milioi euro zor dituzte
Bilboko Athleticek, Osasunak, Realak eta Alavesek, 2007-2008 denboraldian Profesionalen Futbol Ligako (PFL) txapelketetan parte hartu zuten Lehenengo eta Bigarren Mailako lau euskal taldeek, guztira 171 milioi eurotik gorako zorra egin zuten. Eibarrek besterik ez zuen lortu kontuak garbi edukitzea. Oraintxe, bistan denez, zor horiek askoz handiagoak izango dira. Gaur egun Bigarren Mailan dauden Gipuzkoa eta Arabako taldeak ordainketa-etendurarekin daude edo Lehiaketa Legean sartuta, Ogasunari eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketei aurre egin ahal izateko.

Hego Euskal Herriko hainbat taldetako zorrak ondorengo hauek dira: Osasunak 60,46 milioi euro zor ditu; Bilboko Athletic futbol taldeak 52,76 milioi; Realak 30,90 milioi eta Alavesek 26,85 milioi.
Zerga sistema pribilegiatua futbolari atzerritarrentzat
Espainiako Estatuan jokatzen duten futbolari atzerritarrek zerga sistema oso pribilegiatua baliatzen dute dauzkaten milioika eta milioikako diru-sarrerentzat. Horrek berekin dakarrena da espainiar ligarako “izarrak” edo “galaktikoak” kontratatzen dituzten klubek ere etekina ateratzea zerga pribilegio horiei, nahiz eta gero Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin zorretan urteak eraman. Espainiako Estatua da, zergei dagokienez, Europa osoko onuragarriena futbolari atzerritarrentzat.

Ondorio hori atera daiteke Ernst & Young enpresak joan den ekainean egindako ikerketatik. Herbehereak, Alemania, Erresuma Batua, Italia, Espainia eta Frantziara erbesteratutakoen zerga kostuak alderatzen ditu ikerketa horrek. Ondorio garrantzitsuena da Espainiako Estatua dela futbolari atzerritarrentzat zerga kostu txikienak dituena.

Espainiako Estatuan 2004az geroztik erregimen berezia dago lanera Espainiara joan eta egoitza fiskala bertan hartzen dutenentzat, baldintza jakin batzuk betez gero. Besteak beste, etortzen diren urtearen aurreko hamar urteetan ezin dute egoitza fiskala Espainian eduki, eta Estatuan bertan lan egin behar dute. Arautegi hori “Beckham Legea” bezala ezagutzen da, futbolari ingelesa Real Madrilera iristearekin batera aplikatzen hasi zelako. Oro har, erregimen berezi honetan, Espainiako Estatuan sorrarazitako errentengatik zergetan %24ko tasa finkoa ordaindu dezakete ez egoiliar gisa. Ernst & Young-en arabera, Espainian bakarrik lortutako errentengatik %24 ordainduz izugarrizko diru pila aurrezten dute zergetan, zergak PFEZren tasa marjinalen arabera ordaintzen dituen edozein “zergadun espainiarrek” ordaindu beharreko %43 arterainoko zenbatekoekin alderatuz gero –kontuan hartu behar da, gainera, espainiarrek mundu osoan eskuratutako errentengatik ordaindu behar dutela aipatutako zenbatekoa–.

Aipatu txostenaren arabera, urtean 500.000 euroko diru-sarrera garbiak dituen jokalari batengatik, Espainian klubak 180.059 euro inguru ordaindu behar izaten ditu zergetan. Bi milioi euroko soldatarengatik, aldiz, zergak 680.059 euroraino igotzen dira. Beste herrialdeetan, zergak handiagoak dira. Esate baterako, Herbehereak “zerga espainiarretatik” gertu dago; Herbeheretan 275.000 euroko zergak ordaindu behar izaten dira 500.000 euroko soldata izanez gero, eta 1.130.000 eurotik zertxobait goragokoak bi milioiko diru sarrerak izanez gero. Beste muturrean Frantziako Estatua dago, hurrenez hurren 822.000 eta 3.430.000 euro inguruko kostuarekin.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude