1909ko billaldi handia, euskal pizkundearen isla

  • Euskal jaiak eta lore-jokoak “euskal pizkundearen” espresio bistakoenak izan ziren, XX. mendean sartzearekin ugaldu ziren gainera. Aurten betetzen dira ehun urte Hernanikoak ospatu zirela eta Udalak atzera begiratua egingo du mendeurren horren karietara.   
Euskal jaiak Hernanin
Euskal jaiak Hernanin
“Baña Euskal-Erria oraindik ere bizi da?” galdetu zuen, eta berak erantzun zion galderari: “Bai, zauriturik badere, bizi da. Bere semeak gera. Onen bularretatik bere titi gozoa edoski degu. Bere itskuntz ederra erakutsi digute, bere legeak ezin da obeak dauzka bere biotzean guretzat gorderik”. 1909a zen, eta hitzok Jesus Maria Echeverria kanonigoak bota zituen, Hernaniko elizako meza nagusian. Ele burrunba sortu zuten herri hartako euskal jaiek, asmo politiko zehatza omen zutelako. Ziertoki, euskal jaiek gertaera dramatiko batek markatuta egin zuten 1876tik aurrerako xenda: foruen galera.

1853ko Urruñako edizioarekin hasi eta hurrengo urteetako euskal jaietan Antoine Abbadie mezenasaren arrakasta izugarria izan zen. Gerora, Iparralde eta Hegoaldeko euskaltzaleen arteko harremana sendotu zuen Abbadiek –bai eta Bonaparte printzeak ere– eta ondorioz 1879an euskal jaiak Hego Euskal Herrian egin ziren lehen aldiz, Elizondon zehazki.

Galdutako foruen defentsak, euskal pizkundea eta euskal jaien espiritua leku eta erakunde gehiagotara zabaldu zuen. Horrela, Donostiako Euskal Jostaldien Batzarrea euskal jai propioa antolatzen hasi zen Gipuzkoako uri zaharrean. Mende amaieran, Diputazioak ganadu feria gehitu zion Donostiako jai horri eta probintziako beste herrietara eraman zuen euskal jaia: 1896an Arrasatera, ondoren Oiartzun, Zestoa, Zumarraga, Zumaia, Azpeitia, Oñati... eta hola iristen gara 1909ra, Hernaniko sarreran jarritako arku kolosalean leitu daitekeelarik: Probinziako Diputazio argiya. Ernani-ko erri ezagugarri ta leyal ontara Ongi betorkigu.

Hernani lau mila buruko herri koxkorra zen. Tranbia berriaren ferrak kapitaleko haizea ekartzen hasiak ziren jadanik eta burgesen txaletak edo dantzaldi eta kafeak ez ziren falta. Baina berdin bizi ziren hala eskua baba betetako langile industrialak, nola baserriko seme txit prestuak. Porrusalda ederra zen Hernani 1909an.

Asmo politikoa, koanto

Euskal jaiak irailaren 17tik 22ra ospatu ziren eta denetarik egon zen. Ganadu feria egiteko herriko gain batean karpa erraldoiak jarri ziren, zerbitzu guztiak eskaintzen zituen parke tematiko moduko bat. Billaldi edo lehiaketa horrek gero eta sona handiagoa zuen herrialdean, arrazaren araberako sariak, nekazal tresnari buruzkoak, basogintzarekin zerikusia zutenak... Asko zegoen jokoan. Bigarak zekorrak, oiloak, antzarrak edota “bertako arraza garbiya”, eztia, sagardoa, mantekila, gazta, intxaurrak, albertxikuak eta lekari sasoikoak... Gernikako urria Hernaniko irail bihurtuta. Dena den, froga garbi bat dago feria hori, ezkutuan bada ere, asmo politikoetarako baliatzen zutela egiaztatzeko. Honela zioen euskaraz, xuxen uler zedin, Aldundiak kaleratutako programak: “Bei-ganadu, zaldi eta asto, dirala arrak edo emiak, sariya irabazten dutenak billaldi onetan, biarko dituzte beren jabiak iruki probintzi onetan arrazak obetzeko, billaldiyaren ondorengo amabi illabetietan”. Asmo politikoa, koanto.

Ekitaldi erlijiosoak, hitzaldi ofizialak eta banketeak ere izan ziren herriko plaza nahiz kaleetan, bai eta dantzariak eta dantzaldiak, su artifizialak eta “sumendiak”, Txirrita nahiz Pello Errotaren zipla eta takoak, Eltzekondo borrokalariaren gihar erakustaldiak, konpartsa eta aurreskua, makildantzari irrintzilari blankolari, pultsolari eta zulladunak... Bestalde, kultura “jasoago” baterako tartea ere izan zen Hernaniko 1909ko euskal jaietan, emanaldi literario-musikalekin eta lore-jokoekin. Lore-jokoak Erromantizismoak XIX. mendean berreskuratutako lehiaketak ziren. Katalunian Erdi Arotik zetorren tradizioa zen eta Hego Euskal Herrian foruen defentsak bultzatu zuen holako ekitaldiak antolatzera. Bertan musika, bertso, literatura lantzen zen batik bat. Hernanin arrakasta itzela izan zuten Gregorio Mujikak, Ramon Inzagarayk Jose Elizondok, Inazio Urangak edota Bernardo Gabiolak, beste askoren artean. Alfredo Laffitte donostiar kazetaria zen lore-jokoen antolatzaile eta bere sarrera hitzaldian oso gogoan izan zuen, batez ere, aita Agustin Kardaberaz Hernaniko semea. Izan ere, euskararen berri ona eman zigun jesuitaren gorpuzkinak urtebete lehenago “aurkitu” eta ekarri zituzten Italiako erbestetik eta oraindik presente zuten hori euskaltzaleek.

Jai arrakastatsuak izan zirela dudarik ez da, Euskal-Erria aldizkarian eta gainerako prentsan eman zioten kobertura ikustea besterik ez dago, Baserritarra-k honela zioen: “Ez daukagu emen tokirik bere gañ esan behar degun guziya esateko eta bere berri ongi emateko. Onek artu arazi digu asmua egun guchi barru ateratzeko Baserritarraren ateraldi oso bat gehiago, Hernaniko billaldiyaren berri emanaz”. Tamalez, ez zen edizio berezirik atera, “gure borondatetik kanpo dauden arrazoiengatik”, azaldu zuten egunkariko arduradunek.
Aurtengo egitaraua
Hilaren 19an, 10:00etan abiatuko da jaia, nekazaritza eta abeltzaintza azokarekin, Ezkiaga pasealekuan. Horretaz gain, artisau feria, herri kirolak eta kalez kaleko kanta saioa izango dira goizean. Txakoliaz dastatzeko aukera ere eskainiko dute antolatzaileek. Arratsaldean berriz, kalejiran parte hartu ahal izango da, Ttarla dantza taldearekin, eta Erdizka Lauetan taldeak dantza saioa eskainiko du. Gaueko 22:30ean, bertsolariak arituko dira Atsegindegi Plazan.

Hilaren 20an, Txistulari Bandaren dianak esnatuko du herria. Sagarraren eguna, trikitixa txapelketa, Urretxa Mikologia Elkartearen erakusketa, pilota partiduak, bazkari herrikoia, Hernaniko Musika Bandaren eta Txistulari Bandaren dantzaldia eta zezen suzkoa izango dira egitarauko ekitaldi nagusiak.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude