Euskara zenbateraino ikasten dute etxetik erdaldun direnek?

  • EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean abian den ikerketa baten berri eman digu sailkide Ibon Manterolak. Lehen emaitzen arabera, etxetik erdaldun izanda euskaraz eskolatzen diren ikasleek etxetik euskaldun diren ikasleen pareko garapena egiten dute euskaraz.
klasean
Zuriñe Intxausti
Ez da inondik ere berria baieztatzea etxetik erdaldun diren haurrek eskolan euskara ikasten dutela. Munduko beste hainbat eta hainbat txokotan bezala, Euskal Herrian ere erakutsi da haurrak etxekoa ez duten beste hizkuntza batean eskolatzeak eskolakoa ez ezik etxeko hizkuntza ere ikastea dakarrela. Eta hau guztia maila akademikoan ere onurak lortuz. Murgilketa bidezko irakaskuntza deitzen denaren lorpenak dira hauek.

Hain zuzen ere, etxetik gaztelaniadunak izanik D ereduan eskolatuta euskara ikasten duten haurren euskararen eta gaztelaniaren garapena aztertzeari ekin genion 2002an Itziar Idiazabalek zuzentzen duen EHUko Hizkuntzaren Jabekuntza eta Erabilera ikertaldean (www.elebilab.com). Ikertaldeak hogei bat urteko ikerketa-eskarmentua dauka haurtzaroko elebitasunaren esparruan. Doktorego tesi eta argitalpen zientifiko ugaritan jorratu du etxeko testuinguruan gertatzen den euskararen jabekuntza goiztiarraren gaia, haur euskaldun elebakarren eta euskara-gaztelania elebidunen hizkuntza garapena ikertuz.

2002 urtetik aurrera, berriz, eskolaren testuinguruan gertatzen den euskararen ikaskuntza ikertzeari ekin diogu. Etxetik erdaldun izanik eskolan bizpahiru urterekin euskara ikasten hasten diren haurrengan euskararen (eta gaztelaniaren) garapena dugu ikergai nagusia. Hona hemen ikerketa esparru berriaren ikerketa-galdera nagusi batzuk: batetik, nolakoa da etxetik erdaldun elebakar izanda (gaztelania H1) eta inguru soziolinguistikoa nagusiki erdalduna izanik, euskaraz eskolatzen diren haurren elebitasunaren garapena? Alegia, zein garapen dauka haur hauengan euskara bigarren hizkuntzak? Gaztelania lehen hizkuntzak daukan antzeko garapena al du euskarak? Eta bi hizkuntzetan lortzen duten maila antzekoa al da? Eta bestetik, euskara eskolan ikasten duten haur hauek etxetik euskaldun diren haurren antzeko garapena lortzen al dute?

Ikerketa-galdera hauen erantzunak bilatzeko datuak bi ikasle taldetatik hartu ditugu. Bata, etxetik erdaldun izanik euskara eskolan bizpahiru urterekin ikasten hasitako Lizarrako Ikastolako (Nafarroa) ikasleek osatzen dute. Bizi diren inguruan erdara da gizarteko hizkuntza nagusia eta euskararen ezagutza eta erabilera, aldiz, oso xumea da. Pentsa liteke eskola dela euskara nagusi den esparru sozial bakarra. Beste taldea, berriz, euskara etxean ikasitako Zumaiako (Gipuzkoa) Maria eta Jose Ikastetxeko ikasleek osatzen dute (eskerrik asko bi ikastetxeetako zuzendari, irakasle, ikasle eta gurasoei eskainitako laguntzagatik!). H1 taldearen inguru soziala nahikoa euskalduna dela kontuan hartuta, baiezta liteke gure ikerketak euskararen ikaskuntza gertatzen den bi egoera soziolinguistiko ia kontrajarri konparatzen dituela.

Nolako datuak bildu?

Ikasleen hizkuntza ekoizpenak biltzeko erabilitako metodologia dela eta, ikasleei ahozko ipuinak kontarazteko dispositibo bat sortu dugu. Heldu baten ahotik aurrez entzundako ipuin bat ahoz birkontatzeko eskatzen zaie haurrei. Helduaren zein haurren kontaketak bideoz grabatu, eta irizpide zehatz batzuk jarraituta, ahozko material hori guztia transkribatu egiten dugu.
Eskolan ohikoa den jarduera bat sortu nahi izan dugu haurren ekoizpenak biltzeko. Ziurrenik, ikasgela askotan erabiltzen den egoera komunikatiboa da haurrak ipuinak kontatzen jartzearena. Baina horrez gain, hainbat zientzia esparrutan (hizkuntzalaritzan, hizkuntzaren jabekuntzan edota hizkuntzaren didaktikan) garatutako zenbait oinarri teoriko ere hartu ditugu kontuan egoera komunikatibo hori diseinatzerakoan. Oinarri horiek honela laburbil litezke: ahozko ipuin-kontaketa hizkuntzaren erabilera mota bat da, ezaugarri eta beharrizan komunikatibo-linguistiko propioak dituena. Termino teknikoago bat erabilita, ahozko ipuin-kontaketa testu-genero bat da. Genevako Unibertsitateko Bronckart, Dolz edota Schneuwly ikerlari eta adituak jarraituz, uste dugu ikasleen hizkuntza gaitasunak alderdi komunikatibotik aztertzeko paregabeko tresna direla testu-generoak. Hizkuntzaren hainbat maila aztertzea ahalbidetzen baitute testu-generoek. Esaterako, komunikazioaren maila (hizkuntzaren erabilera testuinguru komunikatiboarekin lotzen duena), eta maila gramatikala (aztergai morfosintaktikoei dagokiena). Ziurrenik, ikasleen hizkuntza gaitasuna ikuspuntu komunikatibotik aztertzeko testu-generoan oinarritutako ikerketarako metodologia hautatu izana da hemen aurkezten ari garen ikerketa honen ekarpenik handienetakoa.

Haur Hezkuntzako azken urtean (5/6 urte) eta Lehen Hezkuntzako hirugarrenean (8/9 urte) bildu genituen ikasleen ahozko ipuinak, eta Lehen Hezkuntzako azken urteko (11/12 urte) datu-bilketa bukatzear gaude. Hara ikerketa honen beste ekarpen nagusi bat: ikasle-talde berberaren jarraipena egin izana sei urtean zehar, psikolinguistikaren zein hizkuntzaren i(ra)kaskuntza prozesuen ikerketen esparruan oso ohikoa ez dena.

Emaitza interesgarriak

Orain arte egin ditugun azterketetatik zein emaitza nabarmen litezke? Euskara bigarren hizkuntza dutenen 5 urtetik 8 urtera ikusitako garapenera mugatuko gara hemen. 5 urterekin jadanik haur gehienak gai badira ere helduaren laguntzarik gabe ipuina hasi eta buka kontatzeko, zortzi urterekin kontaketarako autonomia hau finkatuagoa dago.

5 eta 8 urte artean gertatzen den garapenaren beste erakusgarri bat ipuinen osotasuna da. 5 urteren aldean, 8 urterekin ipuineko pertsonaiak, egoerak eta ekintzak hobeto antolatzen dituzte, ipuin osatuagoak kontatzen dituzte ikasleek. Azkenik, 5 urtekoek ez bezala, 8 urteko ikasleek ipuinetako ekintzak kontatze hutsa baino gehiago egiten dutela ikusi dugu. 5 urterekin ekintzak bere horretan (eta aditza soilik erabiliz) bakarrik kontatzeko joera nagusitzen den bitartean, 8 urterekin ikasleek ipuinetako ekintzak baloratu edo iruzkindu egiten dituzte eta pertsonaien egoera psikologikoak ere txertatzen dituzte. Ipuin-kontaketaren dimentsio hauek (eta beste batzuek) 8 urterekin 5ekin baino gehiago agertu izanak erakusten du ipuin-kontaketak testu-genero modura dauzkan beharrizanak hobeto menderatzen dituztela adinean aurrera egin ahala. Labur esanda, euskararen erabilera jakin bat (ipuin-kontaketa) menderatzeko prozesuan aurrera egin dutela, euskara bigarren hizkuntza izanda, gainera.

Emaitza zehatz hauetatik haratago, orain arte gure lanetan ondorioztatu ahal izan dugu, besteak beste, etxetik erdaldun izanik euskaraz eskolatu diren ikasleengan euskararen garapen argia dagoela 5 eta 8 urte artean. Eta hau bezain interesgarria dena: garapen hori euskara etxean ikasi duten ikasleen garapenarekin parekagarria dela, bi taldeen artean ezberdintasunak sumatzen diren arren.

Bereziki azpimarragarria deritzogu euskararen garapena hizkuntzaren dimentsio komunikatiboari dagokionez erakutsi izana. Hizkuntzaren dimentsio komunikatibo horixe delako, hain zuzen ere, eskolan gaur egun euskararen (eta beste hizkuntzen) irakaskuntzaren oinarri. Honexegatik, espero dugu gurea bezalako ikerketak baliagarri gertatzea euskararen irakaskuntzaz arduratzen den edonorentzat.

ASTEKARIA
2009ko irailaren 13a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude