Joseba Barandiaran
Hitzek bizitza jakin bat dute gurean. Bizitza bakoitzak hitz jakin batzuk ditu. Eta norbere bizitzan zehar, bistan da, bizi eta hiltzen dira hitzok. “Buruketak”, “andereño” eta “jolasordu” hitzak, esate baterako, bizi-bizi nerabiltzan haur eta nerabe garaian. Urtetan izan ditut alboratu eta erdi ahaztuta; hilik bezala. Eta orain, aitatasunaren eskutik, berriro berpizturik darabilzkit itzulinguruka; bolada baterako behintzat, ez bainaiz irakaslea. Garai batean egunkariaren atal ezezagun bat baino ez zena kasu, “ekonomia” hitzetik hortzera darabilt azken urteotan. Eta horrela ohartu naiz bizitzan hitzak nola jaio eta hiltzen zaizkigun, norbera hiltzen doan hein berean. Gutako bakoitzak egunean gehien erabiltzen ditugun ehun hitzen zerrenda egingo bagenu, geure bizitzen nondik norakoaren argazki polita genuke, osoa, lan arloan nahiz afektiboan. Zer esaten dugun gehiago, “telebista” edo “liburua”; “maitasuna”, “politika” edo “futbola”; “tenperatura”, “erlijioa” edo “bezeroa”. Urtaroak ere, nabarmenduko lituzke. “Hondartza”, “bainujantzi” eta “krema” hitzak, adibidez, tiraderan sartu ditut aurtengoz.