argia.eus
INPRIMATU
Azken debekuari jarriak
  • I
    Debekuen bolada
    latz bezain zorrotza
    ez zaigu gertatuko
    gura bezain motza:
    lehenik debekatu zen
    herritar ahotsa,
    gero preso daudenen
    erretratu hotza,
    eta azken biktima:
    plastikozko poltsa.
Xabier Paya @xabipaya 2009ko irailaren 10
Xabier Paya
Xabier PayaIñigo Azkona
II
Carrefour, Eroski zein
Alcampoko kaxan
poltsekin nor ez da ba
irritsua izan?
Gerora pilatzeko
etxeko terrazan,
jada estu dauzkagun
bakeroen trazan,
berriro balioko
duten esperantzan.

III
Atsoen ustez ez da
neurri egokia
merkatutik kentzea
poltsatxo txikia.
Lehen beti poltsoan
poltsa atxikia,
orain beharko dute
birentzat tokia:
lehengo karro zaharra
eta aterkia.

IV
Poltsak kentzea ez da
berri atsegina,
baina, gainera, badu
jarraipen ozpina:
orain bat nahi baduzu,
bada nahi adina,
euro erdi ordainduz
bakoitza jakina;
poltsa hil eta hau da
poltsikoko mina!

V
Nahiz hobea izango
den etorkizuna,
itsaso garbia zein
lurrazal txukuna,
nahiz munduari kendu
plastikozko ehuna,
poltsekin zakartuta
enpresen bazkuna,
zakar poltsa da gehien
faltako zaiguna.

VI
Poltsak kentzeak aro
bat abiatu du,
baina tetrabrick eta
pote lar ditugu.
Sena ezpata eta
kontzientzia gudu,
kanguroak ez garen
neurrian, seguru,
poltsa gabe bizitzen
ikasiko dugu.

Doinua: “Egunaren izena”.