27 milioi esklabo, inoiz baino gehiago, XXI.eko munduan

  • Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Aldarrikapen solemnea erabaki eta tartean esklabotza debekatu zuenetik 61 urte pasa direnean, munduan sekula baino esklabo gehiago dago. 27 milioi gizon, emakume eta haur bizi da ugazaben edozertarako erabat erabilgarri.
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2009ko irailaren 13a
langile esklaboak
Brasilgo Amazoniako Para estatuan esklabo ari zen langile batek ihes egitea lortu ondoren poliziarekin berbetanRicardo Funari
Benjamin Skinner-ek odolean omen darama abolizionismoa, XXI. mendeko esklabotza ezagutzeko mundu osoa aztarrikatu baino askoz lehenagotik. AEBetako Wiskonsinen 1976an jaiotako idazle gazte honek haur denboran entzun zituen familiako arbaso kuakeroen ixtorioak. Kuakeroak aitzindariak izan ziren Amerikan esklabotzaren kontra borrokatzen, asko hitzez eta idatziz, baina bakar batzuk zuzeneko ekintzaz ere bai, esklaboak nagusien atzaparretatik askatu nahian.

2003an Skinner gaztea Newsweek astekari famatuarentzako ari zen lanean Sudanen eta hemen egin zuen topo garaikide ditugun esklaboekin. Han hasi ondoren, mundua korritu du Skinnerrek lau urtez, eta ikusi dituenak liburuan bildu ditu: A crime so monstrous: Face to face with modern-day slavery (Krimen higuingarria: gaur eguneko esklaboekin aurrez aurre). Hitzaurrea Richard Holbrooke-k egin dio, Barack Obama presidente amerikarrak Pakistan eta Afganistanerako izendatu duen ordezkari bereziak. Honen laguntzaile ere aritua baita Benjamin Skinner.

Terrence McNally kazetariak Los Angeleseko KPFK irrati lokalerako egin berri dion elkarrizketan Skinnerrek zehaztu du zertan datzn gaur esklabo izatea: “Lan egitera indarrez behartuak izatea, iruzurrez derrigortuak, mehatxuz edo bortizkeriaz, bizitzeko behar dena baino gutxiagoz ordainduak”.

Definizioa eta oro har gaur egungo esklabotzaz dakigunaren sistematizazioa Kevin Bales-i zor zaio, eta hala aitortzen du beti Skinnerek. Balesek 1999an argitaratu Disposable people: New slavery in the global economy (Jende erabilgarria: Esklabotza berria ekonomia globalean, gaztelaniazko bertsioan ere saltzen da) klasikoa da. Bales izan da morrontzan bizi direnen kopurua zehazten lehena, eta hasieran gobernuek gezurtatu nahi izan bazuten ere, Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta sindikatuek berretsi egin dituzte gero hark eman zifrak.

Benjamin Skinnerrek azterketa akademikoari kazetariak bertan ikusi eta kontatutako kasuen beroa erantsi dio. Bihotzik duena kiskaltzeko moduko beroa. “Bukaresteko putetxe klandestino batean neskatxa gazte bat eskaini zidaten Down sindromearen zantzu nabarmenak zituena. Besoetako bat zerbait zorrotzez egindako ebakiz josita zeukan, derrigor pentsatu behar dut eguneroko bortxaketatik ihes eginteko bide hoberik ez zuela aurkitzen. Emakume gazte hori bigarren eskuko auto baten truke eskaini zidaten. 1.500 eurotan eros nezakeen auto baten truke”. Merke erostea ote da kristau baten bizia 1.500 euro pagatzea?

Nondik begiratzen zaion. Askoz hurbilago, Skinner bizi den New Yorketik hegazkinezko hiru ordutara bide, Haitiko Port au Princen, 10 urteko neska koxkorra askoz merkeago eskuratu ahal izan zuen: otorduak prestatu, etxea garbitu, sexua eskaini eta zernahitarako balio behar zuen haur harengatik 100 dolar eskatu zioten... eta regateatuz 50taraino iritsi. “Denboran atzera eginez, nire arbasoek esklabotzaren kontrako mitinak kaleetan kaja gainera igota oihukatzen zituztenean, 1850ean, gizonezko osasuntsu batek gaurko 40.000 dolar balio zuen merkatuan”. Inbertsioa zen orduan.

Txiroen arteko txiroenak

Esklaboak mundu osoan daude. Kopuru nagusia Asian dago: Indian, Pakistanen, Nepalen, Bhutanen... Indian bertan gainerako mundu osoan adina, 13 milioiz goiti. Esklabotza Indian zorrek eragina izan ohi da nagusiki.

Skinnerrek ezagutu zuen bere adineko gazte bat zeinaren aitona noizbait 62 zentimotako zorretan sartu baitzen eta geroztik familia osoa nagusi beraren morrontzari lotuta geratu da. Lan behartuetan eta bizitzeko adinako irabazirik gabe. Familia hori hiru belaunaldiz harri txikitzen aritu da. Harkaitza atera eta xehatu.

Esklabotzan produzitutako hartxintxarrez eraiki dira Indiako azpiegitura distiranteetako ugari. Geroago, ordea, hartxintxarra harea bihurtuarazi zieten, bidrioa egiteko silizetarako. “Etxean harea eginez negozioa ateratzeko sistema bakarra dago: esklabotza”, dio Skinnerrek.

Beste jopu asko zorigaitzera iritsi dira urrutiko lan eskaintzek engainatuta. Amerikan suertatzen da sarri, Brasilen bidenabar oso zabalduta omen dago. Herrian azaltzen dira balizko kontratistak paraje urrunen batean enplegua eskainiz. Baina bertara iritsitakoan morrontzarik ankerrenarekin egingo dute topo: jipoiak, soldatarik eza eta etxeko emakumeak bortxatzea. Meategi askok horrela funtzionatzen du.

Beste atal berezia haurren joputzari dagokio. Haitin bertan UNICEF erakundeak 300.000 daudela kalkulatu du. “Nola ulertu Haiti hain pobrea izanik bertan 300.000 esklabo egotea?” galdetu dio kazetariak Skinnerri. Erraza: oso merke saltzen badira. 50 dolarretan.

Skinnerrek desafio egin zion behin datuok sinesten ez zituen kazetari ospetsu bati, ABC katean Nightline programa daraman Dan Harris-i. ABC telebista dagoen New Yorketik hegazkinez Haitira eraman eta hamar orduren buruan albistegietako izarrari, ez tratalari batek baina hiruk, neska bana eskaintzea lortu zuten. Hangoa ikusita, Harrisek aitortu omen zuen nabarmenena ez zela haur bat 50 dolarretan erosi ahal izatea: debalde ere lortu daitekeela. Halako etsipena dago txabolategietako familietan.

Benjamin Skinnerrek liburuaren etekinen laurdena Free the Slaves (Esklaboak Askatu) erakundeari ematen dio. Baina argitu du esklabotza borrokatzeko beharrezkoa dela ez pagatzea. Esklaboen eskubideen aldeko militanteek erregutu omen zioten dirurik ez emateko gizaki baten truke. “Haitin diren 300.000 esklaboak diruz erosiko bazenitu, hurrengo urtean 600.000 leudeke”.

Izan dira erakundeak askatasuna emateko esklaboengatik pagatu dutenak, Sudanen bidenabar. Denborarekin ohartu dira hango gerra zibilean ari diren buruzagietako batzuei patrikak bete dizkietela, arma gehiago erostea eragin, eta aldiz bertako agintariek lehen bezain gutxi egiten dutela jende-tratalariak atxilotzeko.

Ofizio askotarako usatzen dira esklaboak XXI. mendean, prostituziorako bezala gerrarako. Eta esklabotza legezkoa zen XIX.ean baino merkeago pagatzen da. Antzina esklabo bat inbertsioa zen. Gaur eguneko 27 milioiak merke erosi, edozertarako erabili eta erraz suntsi daitezkeen jendeak dira.
Kanal honetan artxibatua: Esklabotza

Esklabotza kanaletik interesatuko zaizu...
Beltzek ez dakite igerian

Martinika, 1679. Esklabo-ontzi bat hondoratu zen uhartearen parean, eta esklabo afrikar batek –haren izenik ez da gorde– 60 ordu eman omen zituen igerian lehorrera iritsi arte. 300 urtetik gora beharko zituzten zuriek marka hura ofizialki berdintzeko.


Drapetomania, ihesaren gaitza

New Orleans (AEB), 1851. Samuel A. Cartwright medikuak idatzitako Diseases and Peculiarities of the Negro Race (Arraza beltzaren gaixotasunak eta berezitasunak) artikulua argitaratu zen New Orleans Medical and Surgical Journal aldizkarian. Bertan, berak izendatutako gaixotasun baten berri jaso zuen: drapetomania edo gatibutzatik ihes egiteko gogoa. Ustezko gaitza esklabo beltzen artean oso zabalduta zegoela zioen, eta prebenitu eta sendatzeko aholkuak ematen zituen.

 


Nire ‘Smartphone’ak poeta txinatar prekarioa darama zirkuituetan

Blackberry, iPad, iPhone edo Kindle deitu, Apple, Microsoft, Sony, Amazon nahiz Samsungi erosirik errutinazko bilakatu zaigun tresneria elektroniko berri gehienak Txinako lan ia esklaboz eginik daude. Orain, gainera, robot berriek sortutako konkurrentzia berriarekin mehatxatzen dituzte obrero txinatarrak, fabriketako lan baldintza zanpatzaileak gatazkarik gabe onartu ditzaten.


Nork ordaintzen du hain merke erosten dugun arropa?

Rebecca Gallagher gazte galestarra zur eta lur gelditu zen Primark dendan erosi zuen 12 euroko soinekoa garbitzeko jarraibideak irakurtzen hasi zenean.


2015-11-29 | June Fernandez
Verónicaren bihotza

Verónica del Carmen Serranoren bihotza urriaren 13an eten zen. 28 urte besterik ez zituen. Verónicaren bihotza nekatuta gelditu zen. Adineko pertsona bat zainduz lan egiten zuen, barne langile. Ez zuen deskantsatzeko denborarik, ezta medikura joateko eskubiderik ere, paperik gabe bizi baitzen Euskal Herrian. Nikaraguakoa zen, Somotokoa.

Zorigaitza baino ezbeharra izan da. Errua ez da patuarena. Ez da zorte kontua izan, bidegabekeria hutsa baizik. Hainbat elkartek, Munduko... [+]


"Zarak Asian ekoizten duenaren %100a umeen eskulana da"

“Pakistanen ume bat erostea oso merkea da eta behin hori eginda, nahi duzuna egin dezakezu harekin. Horregatik beti diot Zara, Mango, Ikea edo H&M bezalako enpresetan ez erosteko, ematen diezun diruarekin, haiek 5 esklabo gehiago erosten dituztelako”.


Wall Street esklabotzari lotuta

Hudson ibaiaren ahoa, 1625. Mendebaldeko Indietako Nederlandar Konpainiak Amsterdam Berria sortu zuen, ibaian zehar abiarazitako larru salerosketa kontrolatzeko aukera ematen zien kokalekua. 1653an, bertakoen nahiz ingelesen erasoez babesteko, kolono herbeheretarrek zurezko eta buztinezko hesia eraiki zuten Amsterdam Berriko iparraldeko mugan. Edo zuzen esanda, hesia eraikitzeko agindu zuten, harresia benetan jaso zutenak 1627tik aurrera koloniara eramandako esklabo afrikarrak izan... [+]


Sari ustelak

Sariketa ugariren atzealdean dagoenaren adierazgarri, azken Oscarretan gertaturikoa: film onenaren garaikurra jaso duen 12 urtez esklabo lanaren alde bozkatu zuten bi epaimahaikidek onartu dute pelikula ikusi gabe eman ziotela botoa.


Kapitalismoaren aurkako ikurraren bilakaera

2003an antiglobalizazio mugimenduak gailurra jo zuen Irakeko gerraren aurka milioika herritar mobilizatuta. Inbasioa berdin gauzatu zen eta mugimendua gainbehera hasi zen. Hamar urte geroago eta krisialdi betean, non dago antiglobalizazioa –edo, zuzen esanda, altermundismoa–?


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude