Asian munduko nekazaritza-lurren %70 dago. Munduan elikagai beharra handitzen ari denez, NASAko ikerlari talde batek Asiako –Indiako, zehazki– lurrazpiko uren inguruko ikerketa burutu berri du sateliteak baliatuz.
Egindako mapan, lurrazpiko uren banaketa hainbat kolorez adierazita dago. Gorriak eskasia esan nahi du, urdinak baldintza egokiak. Hain justu, Rajasthan estatuan ageri den gorriak kolore bereko alarmak piztu ditu; 2002 eta 2008 bitartean 109 kilometro kubo ur galdu direla ikusi dute, batez ere joan den hamarkadan eraikitako ureztatze-sistemarengatik.
Galdutako urak berreskuratzea oso lan neketsua izan daiteke. Kontuan hartzen bada Asian dauden ureztatze-sistemak oso kaxkarrak direla, datozen urteetan ur arazo larrien aurrean izan gaitezke.