Surfa berotu zuen gizona

Jack O'Neill
Jack O'Neill
Santa Cruz (AEB), 1959. Jack O’Neill-ek (1923) bere izena zeraman surf denda San Frantziskotik 90 milia hegoaldera aldatu zuen, bertan eguraldia epelxeagoa zelako, eta olatuak hobeak. Hamar urte lehenago finkatu zen San Frantziskon eta arrantzan hasi zen lanean. Aisialdia ere itsasoan ematen zuen gehienbat, surf egiten, bainujantzi arrunt bat soinean, Ozeano Bareko ur hotzak jasaten urte osoan zehar.

Berehala hasi zen uretan bero eusteko zerbait asmatzeko ahaleginetan, eta PVCz egindako jantzia asmatu zuen lehenik. Handik gutxira, hegaldi batean, DC-3 hegazkinean neopreno izeneko materiala erabili zutela ikusi zuen eta harekin esperimentatzen hasi zen. Neoprenozko jantzia sortu eta pixkanaka hobetu zuen.

Ordura arte, surf dendek oholak baino ez zituzten saltzen baina, 1952an, Jackek O’Neill Surf Shop zabaldu eta, oholez gain, parafina eta berak asmatutako jantziak ipini zituen salgai. Ingurukoek porrota aurreikusi arren, O’Neillek surf denda modernoa sortu zuen, eta surf munduko inperio nagusietakoa abiatu.

60ko hamarkadan surfak loraldia izan zuen, baita Jacken negozioak ere. Neoprenozko jantziari nylon geruza bat erantsi zion errazago jantzi eta eranzteko eta atzean lokarri baten bidez ixten zen kremailera ipini zion. 1971n Jacken seme Pat O’Neillek surflarien orkatila eta ohola lotzen dituen lokarria asmatu zuen; handik gutxira, aitak istripua izan zuen lokarriarekin eta ezkerreko begia galdu zuen.

80ko hamarkadan O’Neill arropa ekoizten hasi zen eta negozioa Europara zabaldu zen. 1985ean Jackek semeen esku utzi zuen San Frantziskoko garaje batean zabaldutako negozio txiki hura, nazioarteko inperio bihurtua. Gainera, nahi izanez gero, surfaren mundua irauli eta negozioa handitu lezake edozein unetan; “surf shop” deituraren eskubideak ditu eta izendapen hori erabiltzen duten enpresa handi nahiz denda txiki guztiak auzipetu ditzake.

Jack O’Neillek negozioa albo batera utzi du. Ingurumenari lotutako hainbat proiektu sortu ditu, baita bera bezalako haur dislexikoentzako eskola bat ere. Duela 50 urte Santa Cruzeko hondartzan erositako etxe berean bizi da oraindik, olatuei begi bakarrez begira. Haren helburua ez zen milioika eta milioika dolar fakturatzea: “Nire asmo bakarra gustukoen dudana barrabilak izoztu gabe (sic) egitea zen”. Eta surfean noiznahi eta nonahi aritu ahal izatea ahalbidetu zuen.

ASTEKARIA
2009ko irailaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude