argia.eus
INPRIMATU
Okerrena ez da pasa
Juan Mari Arregi 2009ko irailaren 03a
Gobernuek eta nazioarteko erakundeek mezu baikorra iritsarazi digute, esanez finantza eta ekonomia krisiaren okerrena atzean utzi dugula. Krisiak, diote, behea jo du, eta burua altxatzen hasiko da. Egia da. Krisiaren txarrena pasa da bankari handientzat, zuzendari handientzat, inbertitzaile handientzat, espekulatzaile handientzat. Zeren mundu mailako egoera finantziero-ekonomiko larriaren aurrean euren ardurak ez betetzeaz gain, kapital publikozko injekzio erraldoiez “saritu” dituzte. Eta beraiek dira, ez enpresa txikiak, autonomoak eta kontsumitzaileak, arazorik gabe kredituak lortzen dituztenak. Haien galerak zergadunaren diruz sozializatu dira. Orain berriro dirua belarritik dariela hasi dira eta irabaziak, noski, ez dira sozializatzen. Krisiaren okerrena pasa da; beraientzat, noski.

Krisiaren txarrena ez da pasa enpresa txiki eta ertaineko langileentzat. Hil honetatik aurrera Lan Erregulazio Espediente gehiago ezagutuko dituzte eta langabeziara joango dira. Okerrena ez da pasa Hego Euskal Herriko langabeen %33arentzat (50.500 baino gehiago); ez dute prestazio ekonomikorik ez langabezia sorospenik bizirauteko. Okerrena ez da pasa aldi baterako milaka langilerentzat (langileen %40ak aldi baterako kontratua dauka hamar urtez lan eginda), enpresatik botatzen dituzten lehenengoak izaten dira. Okerrena ez da pasa milaka gazterentzat. 30 urte baino gehiago eta unibertsitate ikasketa eta guzti lan merkatuan sartu ezinik dabiltza. Okerrena ez da pasa milaka etorkin, emakume, alargun eta pentsiodunentzat. Ozta-ozta bizi dira larrialdiko laguntza edo pentsio kaxkarrekin. Okerrena pasa da, bai, krisiaren erantzuleentzat.