Ederra dagoen unetik, itsusia behar du, kontrastea, antagonikoa, Erregeak bere handitasuna nabarmentzeko bufoiak dituen moduan, Erreginak bere liraintasuna azpimarratzeko meninak behar zituen moduan. Eta edertasuna ona, egia bada (klasikoek ziotenez) itsuskeria “zikina, eskandalagarria, kirasduna” da, foedus jatorri latindarraren arabera. Hain zuzen, hizkuntza desberdinetan eder hitzaren jatorria balore positiboekin dago lotuta, eta itsusia berriz, ezkorrekin.
Baina zer da itsusia? Mundu klasikoko arauek ez dute begiko proportziorik ez duena, baina pinpilinpauxak desproportzio handiak ditu, eta erakargarria iruditzen zaigu. Azken finean, faktore askok eragiten dute gure irizpideetan. Zergatik da ederra zisnea eta itsusia putrea? Agian badakigulako putrea sarraskijalea dela, harrapakinen barrunbeak hustuz gozatzen duela, eta zisnea ur gardenetan igerian dabilen hegaztia dela?
Itsuskeriak goraipamenik izan badu, artean izan da. Aristotelek aurreratu zuen, duela mende mordoxka: “Errealitatean ikusten ditugunean sufriarazten gaituzten gauzek plazera eragiten digute ahalik eta fidelenak diren irudietan behatzen ditugunean, direla basapiztia zekenenak, direla gorpu hilak”. Goya, Munch, Picasso, Dali… bezalako artisten lanetan eder eta itsusi terminoek ez dute zentzurik. Mugak ezabatu eta nahastu egiten dira, eta are gehiago, kontzientziak astintzeko gizartearen erraietan arakatzen duen artea nagusi den garaiotan, itsuskeriak edertasunari aurre hartu diola esan daiteke –edo itsuskeriaren bidetik lortzen dela edertasuna–. Kontua da ez ote gauden halako irudietara ohituegi, eraginkortasuna galtzeraino. Azken finean, edertasunaren arma nagusia ezustekoa da.