Jurgi Kintanak bere doktorego tesiaren zati nagusia bildu du Intelektuala nazioa eraikitzen: R.M. Azkueren pentsaera eta obra liburuan. Ez da Azkueren biografia bat, lekeitiarrak, bizitzan landu zituen gaiei buruz ikertu du Kintanak: abertzaletasuna, prentsa, folklorea, filologia, musika, literatura... Horietan guztietan murgildu da historialari bilbotarra, Azkueren ekarpena zein izan zen bilatzeko. Kintanaren ustez, euskal nazio kulturala eraikitzen saiatu zen Azkue. Egun ordea, gutxik aipatzen dute haren lana euskal nazioaren fundatzaileak gogora ekartzean, nahiz eta lehen mailako pertsonaia izan zen garaiko eztabaidetan. Liburu mardul honek aukera eskaintzen du pertsonaia bere lekuan kokatzeko.