Bortizkeria errituala

Oier Araolaza
Dani Blanco
Atera gara etxeko txikiekin buruhandi eta erraldoietara, eta hasi dira erraldoien baltsak eta umeen korrikaldiak. Buruhandi bat hurbildu zaigu erasokor, puxika altxatu eta kolpea jaurtitzera. Baina sorpresa, goxo-goxo, ia laztanduz pasa du goma-espuma umeen buru gainetik. Deskantsuan dagoen konpartsako kide batengana hurbildu naiz. “Puxikarik ez duzue erabiltzen ala?”, “Ez, ilegala da behi puxikak erabiltzea”. “Suabe jotzen duzue hala ere”. “Bai, guraso batzuk kexatu ziren eta Udalak eskatu digu ez gogor jotzeko”.

Inauteriak bizi-bizirik dituzten herrietan arruntak dira indarkeria agerraldiak. Maskaradetan kauterek eta buhameek ostikoka, zilipurdika, bultzaka, orruka eta elkarren gainera salto eginez pasatzen dituzte neguko igandeak. Ituren eta Zubietako mozorroek ankerkeria eta jarrera erasokorrean konpetitzen dute beraien artean. Luzaiden pazko igandez, Axe eta Tupina elkarri tiraka, bultzaka eta kolpeka hasi eta muturka bukatzeko gertu izaten dira. Hernaniko Axeri-dantzan, puxikekin armatuta eta sokari helduta zarta-hots ederra ateratzen dute inguratzen direnen bizkarrak ondo berotuz.

Ez dakit zein den indarkeria erritual horiek elikatzen dituen arrazoia –eta ez eskatu interpretazio psikoanalitikorik–, baina nire begiekin ikusi eta larruan frogatutakoa da folklorean nahiko maiz agertzen dela bortizkeria. Eta hara, bestelako baldintzetan inondik inora onartu ezin dudan indarkeria, jai giroan eta errituala denean erakargarri egiten zait. Benetako indarkeriak atzerakada eragiten dit. Ezin dut eraman. Baina indarkeria erritualak erakarri egiten nau. Arizkun-en Hartza eta mozorroen eskutik makila-salda ederra hartu nuen azkenengoz inauterietan, baina berriz ere itzultzeko desiatzen nago.

Telebista piztu eta borroka eta hilketaz betetako marrazkiak ikusten dituzte gure txikiek, baina kalera atera eta superbabesaren araudia aplikatuz erraldoiak eta buruhandiak goxatzen ari gara. Artisauek urteak daramatzate erraldoi eta buruhandiei itxura atsegina emateko ahaleginetan. Garai batekoak zantarrak, groteskoak, desproportzionatuak, desitxuratuak ziren. Orain hurbileko pertsonaia atsegin eta ederren traza eman nahi izaten diegu. Puxikarekin gogor jota ere zaila da inori min egitea, baina hala ere kolpe horiek biguntzeko agindua jaso du zenbaitek. Beldurra eragiteari uzten dioten egunean interes guztia galduko dutela iruditzen zait niri, baina joera garbia da, eta zaila dirudi horri aurre egitea. Disneyk habia egin du gure baratzean.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude