argia.eus
INPRIMATU
1.800 milioi euro EAEn industriak kutsatutako lurrak garbitzeko
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2009ko irailaren 06a
Lindanoa garbituz
IHOBEk EAEn lindano hondakinetatik garbitutako hektarea kopurua (2000-2008)Iturria: Ingurumen Urtekaria 08. Eusko Jaurlaritza
Guztira 7.900 hektarea lur daude industriak potentzialki kutsatuta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Orbana lurralde osoan dago bananduta, baina, jakina denez, gune industrializatuenak dira kutsatutako lur portzentaje handiena dutenak. Lur horien %33a industria astunak kutsatu du, %12a automobilgintzarekin zerikusia duten tailerrek, %10a zabortegiek, %7a gasolindegiek eta %4a industria kimikoak kutsaturik dago.

Eusko Jaurlaritzak 2008an egindako inbentarioaren datuak dira honakoak. “Potentzialki” EAEko lurzoruaren %16 omen dago kutsatua, baina Jaurlaritzaren ustez egiaz kutsaturikoa %2,7 eta %6,5 artean legoke. Ingurumen eta Lurralde Antolamenduaren sailak kutsatutako lurrak garbitzeko plana dauka abian. Plan horrek aurreikusten du hurrengo hamabost urteetan 7.900 hektareatatik 4.012 hektarea lur garbitzea, eta horretarako 1.800 milioi euro gastatu beharko dituela. Momentuz 2012 arteko plana dago martxan, 25,5 milioi euroko aurrekontuarekin. Talde ekologisten ustez katalogoa eguneratu gabe dago eta zehaztasuna falta zaio.

Nafarroan 279 lur zati

Nafarroan oraindik ez dago kutsatutako lurrak zerrendatzen dituen azterketa legalik, 1998ko inbentario bat baizik. 2006an, Nafarroako Gobernuak informazioa eskatu zien 1.200 enpresari kutsatutako lurren berri izateko, Espainiako Estatuko 2005eko dekretu batek inbentario ofizial bat egitera derrigortzen baititu autonomia erkidegoak.

Gurelur Inguru Naturalaren Babeserako Fondoak egindako txosten baten arabera Inabonos, Katazpegi, Funvera, Destilados del Norte, Luzuriaga eta beste zenbait enpresatako lurretan kutsatutako lurrak egon daitezke. Guztira 279 lur zati egon daitezke potentzialki kutsatuta Nafarroan.