argia.eus
INPRIMATU
Zerga politika aldatu
Juan Mari Arregi 2009ko uztailaren 28a
Finantza krisia eta ondorengo krisi ekonomiko eta soziolaborala direla-eta Administrazioak egoera arintzeko bide bila dabiltza. Hego Euskal Herriko Administrazioak hasi dira bestelako irtenbideak mahai gainean jartzen. Proposamen guztiek aurreikusi dute aurrekontuak murriztea, eta baita zorpetzea ere, zerga bilketa pixka bat jaitsi baita. Aurrekontuak mugatzeak, azkenean, beti dakartza murrizketa sozialak. Ez Ibarretxeren Gobernuak, ez Lópezenak, ez Sanzenak, eta ezta Zapateroren Gobernuak ere ez du aurreikusi zerga politika sustraitik aldatzea. Zerga politika behar da diru kutxa publikoa gehien hornitzen duen gizartearen gehiengoarentzat, eta ez aberatsak eta enpresariak lehenesteko. Presio fiskala Europako batez bestekoaren antzekoa balitz Euskal Autonomia Erkidegoan 4.000 milioi euro gehiago bilduko lirateke eta Nafarroan 1.300 milioi gehiago. Zapaterok 4.500 milioi euro murriztu ditu kotizazio sozial enpresarialetan.

Horregatik, ELA eta LABek, eta Elkartzen-ek, Hego Euskal Herriko aurrekontuak ez dituzte onartu. ELAk informazio zehatzaren bidez frogatu du euskaldun aberats eta enpresariek Ogasunean beren zerga paradisua dutela. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, urtean batez beste, 20.000 euroko errenta aitortzen du norbanakoak eta enpresariek eta sektore profesionaletako langileek 12.200 euro. Sindikatu abertzaleek eta gizarte mugimenduek iruzur fiskal horren kontra borrokatzeaz gain, atzera bota nahi dituzte Sozietateen Errenten gaineko Zergaren, PFEZaren eta Ondarearen gaineko Zergaren erreformak. Ogasunek askoz gehiago bilduko lukete horrela. Aurrekontuak murriztu beharrik eta zorretan ibili beharrik ez legoke, azken finean horiek ere langileen bizkar izaten dira. Horretarako zerga politika errotik aldatu behar da eta albo batera utzi elkarrizketa sozialerako balizko mahaien marketina.