argia.eus
INPRIMATU
Tourrean
Joxemari Ostolaza 2009ko abuztuaren 02a
Ibili gara azken urtetako legean. Kanpamendua ezartzetik etxea alokatzera dagoen aldea dugu zahartu gaituen denbora, Frantziako Tourrak neurtu lezakeena. Eta aldaketa sakonen artean, koadrilako zenbaiten osasunaren aje berriak daude, nezeserrak farmazia mugikorretan bilakatzeraino. Gosarian txuria tentsioa orekatzeko, eguerdian gorria azido urikoari eusteko, eta urdina azukrea jaisteko, gauekoa, marroi argia, kolesterol gaiztoaren aurkakoa omen. Azalaren lehorrak leuntzeko kremak ere pare bat, begietarako kolirioaren atal bereko. Ontzi bereziak dituzte pilulek, beren txikietan nabarmen botoinezko txokoetan gordeak, kremek eta kolirioak aldiz kremailerazkoan erdiko eremua hartzen dute. Garai bateko mendi ibilaldiak, hiru bat ordukoak, kasu pare bat salbu, ordekazko ordu eta erdiko paseo terapeutikoekin ordezkatu dira hamaiketakoaren aurre-ariketa. Baina badira aldatzen ez diren usadioak, mahaiari dagozkionak. Puntako sukaldari pare bat tartean, urtero harritzen gaituzte beren sormenez, etxea egunero restaurante bilakatuz. Joan urtetan koadrila urritzen doanez, falta ditugunen oroipenek dituzte gure otordu osteak betetzen, gure emozioak azalarazten, gureek ere egingo dutela jakitun. Aurtengoa behintzat, hutsunerik gabe joan da. n