Lander Arbelaitz
Osagai berria du azken hilabeteotan Urdaibaiko saltsa-maltsak: Bizkaiko Foru Aldundiak Sukarrietan Guggenheim Museo bat kokatzeko agertutako asmoa. Administrazioen arteko desadostasunen erakusle behinenetako bat, bide batez esateko. Kasu honetan, talde ekologistek barik, auzokideek hartu dute proiektuari aurre egiteko borrokaren bandera. Hain zuzen, Sukarrieta eta Busturia herrien artean dagoen Abiña auzoko elkarteak. Bertako presidente Jon Martinezek eman digu euren argudioen berri: “Hainbat arrazoirengatik ez gaude leku horretan museoa eraikitzearekin ados. Batetik, hor dagoen Ricardo Bastida arkitektoaren eraikina bota beharko luketelako, eta gure ustez babestuta egon behar du, Bastidaren edozein lanek bezala, Bizkaiko arkitektorik esanguratsuenetakoa da eta. Bestetik, eraikin horretan eta haren inguruan dauden ume-koloniak betetzen duen funtzio sozialagatik. Eta ez dira arrazoi bakarrak”.
Milaka bizkaitarrek azalpen gehiago barik ulertuko dute Martinezek esandakoa. Azken hamarkadetan, BBKren gizarte ekintza arloaren eskutik, Sukarrietako kolonietatik igaro diren milaka umeak dira. Udalekuen ardatza ingurumen-heziketa da, Biosferaren Erreserben helburuetako bat bidenabar. Lehenago, XX. mende hasieran, umeak hartzen zituen era berean Bastidaren eraikinak. Ezkerraldeko meatzarien seme-alabak ziren, eta hantxe aurkitzen zuten gurasoen ondoan ez zeukatena: naturarekiko harremana, giro euskalduna eta egunean hiru otordu.
Argudio sozial-historikoei ingurumenari lotuagoak ere erantsi dizkiete Guggenheim 2 egitasmoaren aurka azaldu diren batzuek, auzokide nahiz kanpoko: kostatik hurbilegi egotea, besteak beste. Aldundiari gai honetaz egin dizkiogun itaunak, berriz, erantzuteke geratu dira.