Oteizaren Batarrabi eskultura. Pilar Rivera
Burruntzali edo ez, Azkoitian bada burutik. Eta burulanari loreak.
Antton Mendizabal eskultorearen eta Carlos Ceballos arkitektuaren obra da Jorge Oteiza izena daraman pilotalekuen gunea, oriotarraren burutazioa izan omen zen eta. Beheraxeago, Balda plaza sekulakoan, hor dago haren Batarrabi eskultura. Azkoitian ibili zen bururik, eta obra burututa, bada burudun burubiderik. Oteiza pilotalekuek abangoardia eskultura izugarria osatzen dute. Joko zaharrenetakoarentzat XXI. mendeko habia gozoa.
Pilotaren lehen eguna antolatu berria dute. Ez nolanahikoa. Aspaldi ikusi gabeko joko eta lehiak, alajaina! Bat gorena: errebote partida. Iparralde errebotezalea eta Hegoalde errebotekaltea elkarri pilota ukaldika, Gipuzkoan bizirik den laugarren errebote-plaza estreinatzen. Garai batean lurralde horretan bazen honelako plaza ugari, gutxi gehiago herriero. Zubieta, Villabona, Oiartzun eta laurek tira beharko diote, aurrerantzean, inolaz ere kirola ez den joko honen uztarriari.
Lehen ere esan nuen orriotan eta errepikatzeko ez dut lotsarik: “Euskaldunok munduaren aurrean azaltzeko modukoa den zerbait baldin badaukagu, hori errebotea da. Errebote jokoa da gaur egungo kiroletan, kirolariaren inteligentzia garatzeko aukera ematen duen bakanetakoa. Errebotea kirola ez den kirola da, desberdintasunean oinarritua”.
Pilota hara-hona zebilela hor zeuden, eskuera sareak, palak, zestak, xixterak... zurezkoak. Zume eta sahats (Salix sp.), arkakarats (Rosa canina), gaztaina (Castanea sativa), hurritz (Corylus avellana), pago (Fagus sylvatica)... Hor ziren, piloten larru gozoen aldamenean, milaka urtetan gu egin gaituzten jokoak ahalbidetu dituzten zurak.
Bejondeizula azkoitiar, no eta to loreak!