argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2009ko uztailaren 28a
Liburu elektronikoei buruzko iritziak bildu ditu Administrazioan Euskaraz aldizkariak azken zenbakian. Hona horietako batzuen pasarteak:

Mikel Arrizabalaga (Elkar taldeko komunikazioburua): «Gure ustez, ohiko paperezko liburu eta liburu elektronikoaren artean elkarbizitza bat emango da, ondorioz egungo liburu dendek egokitzapen prozesu bat izan beharko dute, berezkoa duten kultur topaleku funtzioan eta kultur edukien eskaintzan sakondu beharko baitute».

Ignacio Latasa (Leer-e.es enpresako zuzendaria): «Ez dugu uste liburu elektronikoek irakurketa tradizionala erabat alboratuko dutenik, baina argitaletxeek argi dute liburu elektronikoa euren negozioaren parte handia izango dela datozen urteetan eta denak ari dira aldaketara nola moldatu ikertzen. Gainera, Carmen Balcells bezalako idazle agente garrantzitsu batek Palabras Mayores egitasmoarekin liburu elektronikoaren alde apustu sendoa egiteak, argitaletxeek gaia oso kontuan hartzea ekarri du».

Xabier Amuriza (Interneten plazaratu du Orain ezin naiz hil lana): «Oraindik zail egiten zaigu liburuaganako fideltasun edo ‘maitasun zaharra’ haustea, baina hori denbora kontua da. Liburu elektronikoen ahalbideak neurrigabeak dira formatu tradizionalaren aldean. Teknika egokitua eta erosoa eskuratzea besterik ez da falta. Denbora laburreko kontua».

111 Akademia irakurle elkartea: «Liburu elektronikoaren arrakasta edo porrota, euskal irakurleen erabileraren araberako izango da. Eta erabilera hori euskal irakurleek teknologia berrien aurrean duten jarreraren baitan egon daiteke, neurri batean. Garbi dago munduko beste kulturak horretara badoaz, euskaldunak ere bide hori jarraitu beharko duela, gainontzekoengandik isolatuta geratu nahi ez badu behintzat. Bide horretan aurrera egitea txarra denik behintzat ez genuke esango».