Pop katalanak boom egin du!

  • Loraldian dugu katalanez egiten den pop musika. Ugari ekoizten da, ahobateko kritika onak jasotzen ditu eta, garrantzitsuena dena, jendea du atzetik. 2000. urtearen bueltan izan zuen hasiera boom honek eta izen propio bati lotua etorri zen, Antònia Font talde mallorcarra. Gerora arrakasta izan duten talde andana sortu dira; azkena, Manel.
Manel taldea
Manel taldea, Herrialde Katalanetan moda-modako banda da momentu honetan, Els millors professors europeus diskoari esker.Manel taldea
Ez naiz musikazalea. Beste ezer baino lehen horixe aitortu nahi dizut, irakurle. Tira, musika entzun bai, baina ez naiz ezein talderen jarraitzaile sutsua, ez ezein musika estilo edo eskolarena. Ezingo nuke, nire inguruko jende askok legez, orduak eta orduak eman musikaz hitz egiten. Kontzertu bat ere aspaldian ez dut zapaldu. Gehienetan, gainera, plazera eman baino enbarazu egiten dit musikak, idaztean, adibidez, edo tabernan, mintzaidearen ahotsa baino altuagoa jartzen dutenean. Zer esanik ez garraio publikoan, albokoak mundu guztiak entzuteko moduan daramanean, nahiz eta kaskoak sartuta izan. Eta nire ohorearen mesedetan esango dizut, hasiera batean, zentzudun, errefusatu egin nuela artikulu hau idaztea. Baina etxeko diskografiari begiratu azkar bat eman, katalanez egindako pop album piloa ikusi eta baietz esan nion Gorka Bereziartua lagunari. Egiten zidan bigarren artikulu proposamena zen gainera.

Lehen proposamena Manel taldea elkarrizketatzea izan zen. E-postaz luzatu zidan apustua: “Beti literatur kontuak eskatzen dizkizudala konturatuta, eta aprobetxatuz kasualitatez bezala Manel izeneko taldea deskubritu dudala, hona hurrengorako proposamena: talde hori elkarrizketatzea nola ikusten duzu?”. Eta nik, luze gabe, arrapostua: “Guk ere badugu CDa, eta atsegin ditugu horko pieza batzuk. Baina ez nau erabat konbentzitzen haien proposamen musiko-estetiko-politikoak. Motxian: postmodernoegiak (atzeoihalik gabeko hitz surrealistak, ezein ideologiengandik huts, hori ideologia konkretu baten isla denean, teenager-en hankatartean pentsatuz egindako produktua orobat (osti, eta esan dizut abesti batzuk maite ditudala, ezta? (akaso, gaiztoegi jarri naiz)))”. Ezagutzen nau Gorkak, ez zuen seriotan hartu: “Joder, eskerrak ez zaizun Rockdelux-eko erredaktore bat parean tokatu gaur, bestela igual informatiboetan ikusiko nuen zure aurpegia: “Melomano hondarribiar batek pastazko betaurrekodun kazetaria garbitu du, kaletik zihoala Manel-en doinu bat txistukatzeagatik”. Ezinezkoa dena, bidenabar: niri buruzko albistean ez litzateke sekula “melomano” hitza agertuko.

Rocdelux aldizkariko kazetari batekin ez, baina Kiko Amatekin egin nuen topo La Costa Brava tabernan. Eta Manel arrakastatsuaz itaundu nion. Zera erantzun zidan, gustuko dituela, aizue. Ezin dut ukatu Els millors professors europeus urteko sentsazioa izaten ari dela, leku guztietan entzuten dela, mundu guztiak darabilela bolo-bolo, mundu guztiak kantatzen duela “que bonic, que bonic, que bonic” leloa. Diskoa berriz entzuteko beharra sartu zitzaidan, baina etxera joan aurretik, galdera egin nion Amati. Egun katalanez egiten den popari buruz: “Pertsonalki, nahiago dut underground oinarria duen pop katalana, eta katalanez egiten den mainstream musikak kutsatu gabea. Ez ahantzi azken horrek inoizko bandarik eskasenetako batzuk eman dituela –90etan, urrunago joan gabe, Sopa de Cabra, Sangtraït eta Sau–”. Kontxo, nik hemen 90etako talde bat aipatu nahi nuen, Els Pets, pop kanta eder askoak konposatu zituen banda, gaur egunean jarraitzen duena –orain bi urte argitaratu zuten azken diskoa, Com anar al cel i tornar– eta gaur egunekoen aitzindaritzat har daitekeena –nahiz eta gutxik aitortuko dizuten hori–.

Banda ugari

Izenak eskatu nizkion Kiko Amati: “Niri gustatzen zaidan musika gaur egungo konbertituek egiten dutena da, edo, mainstream kantautoreak entzutearen zamarik gabe, katalanez hasten ari den jende oso gaztearena, punka, indie amerikarra, musika afrikarra, ska edo dena delakoa entzutetik datozenak. Gauza oso interesgarriak daude, eta esaten badut orain katalanez kantatzen duten talde gehien dagoen momentu historikoa dela, ez dut uste kontua puzten ari naizenik: Manel (noski), Antònia Font (forever), Sedaiós (afro-pop erdi jamaikar ultra-dibertigarria), Nisei (post-HC washingtondarra, orain katalanez), Surfing Sirles (garaje patxanga punk-rockerra), El petit de Cal Eril izugarriak (hunkitu egiten naute hauek) eta abar”.

Gaur egun katalanez egiten den popak booma bizi badu, ez da kasualitate kontua. Eta gauzak pertsonalizatzea arriskutsua bada ere, boomaren hasierara jo nahi badugu, Antònia Font taldea aipatu behar dugu, ezbairik gabe. Etxean bi disko baino ez ditugu, A Rússia (2001) eta Alegria (2002), baina debuta 1999an egin zuten, Antònia Font disko homonimoarekin. Hiru horien atzetik etorri dira Taxi (2004), Batiscafo Katiuscas (2006) eta momentuz azkena den Coser i cantar (2007). Ez dute meritu makala mallorcar hauek, publiko zabal batengana eraman baitute katalanez eta kalitatez egindako musika. Gogoangarria izan zen Bartzelonako Liceu antzerki eta opera prestigiotsuan, Bratislava Symphony Orchestrarekin batera eskaini zuten kontzertua, Coser i cantar diskoan jaso dutena. Joan Miquel Oliver taldeko gitarra eta buruak bakarka ere egin du bidetxoa. Bere azken lana, Bombón Mallorquín. Idazle gisa, halaber, saiatu da lehen pausuak ematen, Odissea trenta mil poema bildumarekin eta El misteri de l’amor nobela ez oso interesgarrian.

Antònia Fonten itzalean hazi dira beste hamaika talde; azkenetakoa, aipatutako Manel sonatua –lehenengoen kopia dela uste duten ahotsak entzuten dira–. Tartean, ordea, bada talde bailara galanta, txukun askoak horietarik ez gutxi. Gaur, katalanez eta konplexurik gabe, pop musika –adjektibo gehiago beharrik gabe– egin daitekeen adierazgarri. Aurretik aipatu ditugunei gehitu behar zaizkie Élena, La Brigada, Estanislau Verdet, Mazoni, Sanjosex, Anímic, Conxita, Le Petit Ramon, Feliú Ventura. Gainera, beren azken lanetan katalanez abestera pasa dira, aurretik, gaztelaniaz eta ingelesez, pop munduan egonkortuak zeuden hainbat proiektu, Refree eta Mishima, esaterako. Eta hemen aipatu gabe utziko ditudan beste hainbat talde, Myspace eta horrelakoetan perretxikoen antzera ugaltzen ari direnak, etorkizunean entzungo ditugun taldeak. Segur aski orain, artikulu hau idatzi bitartean, beren lehengo pausuak ematen ariko dira hainbat talde berri Herrialde Katalanetako musika lokal infinituetan.

Poparen ertzetan

Pop musika zentzu zabalagoan ulertuta, hona ekarri beharko genituzke azken urteotan zeresan dezente ematen ari diren musikari batzuk. Ez dakit nola definitu, kantautore gisa-edo, nahiz eta definizioa baino gehiago ematen duen kondena bat. Auskalo zer ulertzen den gaur egunean kantautore terminoarekin. Elkar ulertzeko, esango genuke poparekin limurkeriatan ibiltzen direla, popari izan gabe. Quimi Portet da horietako bat. Ez da sobera gaztea, ez musikan hasi berria ere, baina 1998an El Último de la Fila utzi zuenetik erabat gaztetu zaigu gizona. Agian ezagun egingo zaizue, El Último de la Fila musika taldeko guapoa zen bera –gogoratu bestea Manolo Garcia zela–. Bada, bakarka eta katalanez hasi zenetik –lehen saiakera herabea alde batera utzita, 1997an, Hoquei sobre pedres lanarekin– emaitza ezin interesgarriagoak eman ditu Portetek. Azkena, 2007koa, bikaina da, Matem els dimarts i els divendres, behin eta berriro entzuteko modukoa.

Roger Mas da poparen ertzetan dabilen beste bat. Eta ez bakarrik Paulina Rubioren Ni una sola palabra abestiaren bertsio ederra egin zuelako, katalan txukunean –bertsioa sekula entzun ez duenak aukera du, Youtuben, momentu hunkigarria pasatzeko–. Bere azken diskoa izugarria da, Les cançons tel·lúriques, Jacint Verdaguer poeta katalan garrantzitsuenetakoaren hitzak musikatu eta egokitzearekin batera, Solsona eta bere eskualdeko kantu tradizionalak ere gaurkotu egin baititu, abesti garaikide benetan ederrak egiteraino. Ez da makala apaiz izan zen Verdaguer pop-rock doinuak dantzatzen imajinatzea.

Eta, laburki bada ere, Pascal Comelade beteranoa aipatu nahi nuen artikulu honetan, Enric Casasses poetarekin batera grabatutako diskoak, besteak beste. Erabiltzen dituen musika tresnak (jostailuzkoak gehienak, pajita soil bat txirula gisa) edota PJ Harveyrekin egindako kolaborazioak ez dira anekdota huts, ibilbide sendo eta ezin kitzikagarriago baten bi adierazpen baizik. Beti jarraitzeko modukoa da Comelade jauna. Eta idazteari utziko diot orain. Idatzi bitartean traba egiten dit musikak, baina momentu ona da orain disko bat jartzeko. Katalanez abesten duten hainbeste pop bandaren ondoren, ordea, Bèstia Ferida aukeratuko dut, Adrián de Alfonso, Arnau Sala eta Mark Cunningham handiak egiten duten musika instrumentala.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude