argia.eus
INPRIMATU
Piper errea
Jakoba Errekondo 2009ko uztailaren 21
Piper errea
Ipurterrea, kakapirria, erretxina, prakerrea, triperrea, kaka errea... Era askotara esan daiteke piper errearena.

Piper sasoia hemen datorkigu. Piperminak lehenik eta ondoren Gernikakoak, Ezpeletakoak, Lodosako pikilloak, txorizeroak, pipermorroak... Ameriketatik ekarritako fruitu jende honen zale amorratu bihurtu gara euskaldunak.

Piperra olio eztitan erregosi behar dela dio nire iritziz munduko onenak jartzen dituen lagun batek. Potokoaren aldean gutizia da piper berri erregosia, edozein. Belztu gabe, erre gabe, baina. Behin kiskali eta erreta, horixe, piper errea, ezertarako balio ez duena, zakurraren putza. Nonahi piper-potoa muturraren aurrean jartzen ari zaizkigun honetan, horixe, pipertu beharko... edo erre.