McNamararen papera Vietnamgo gerran eta Munduko Bankuan

  • “Vietnamgo gerraren arkitektoa” deitu diote Robert Strange McNamarari kazetariek hil-oharretan. Milioika gizon-emakume masakratu zituen gerraren sustatzaile izan zen. Geroago, Munduko Bankuaren buruzagitza ere eduki zuen, eta haren garaiko kredituek itotzen dituzte gaur txiroak.
Robert Strange McNamara

Norman Morrison-en izena betiko geratu zen lotua Vietnamgo gerrarekin eta Robert McNamararenarekin 1965eko azaroaren 2an. Egun hartan, Morrison Washingtongo Pentagonora hurbildu zen besoetan urtebeteko Emily txikia zeramala, atarira iritsitakoan han zegoen norbaiti haurra utzi zion eta ondoren bere burua sutu zuen: Vietnamgo sarraskiaren kontra aldarri kiskalita suizidatuz egin zuen Morrisonek.

Ekintza ikaragarria AEBetako Defentsa ministroaren leiho parean burutu zuen. Eta politikaria bereziki inarrosi omen zuen, hala aitortu zuen McNamarak askoz beranduago, The Fog of War (Gerraren lainoa) film dokumental famatuan. Dimititzeko adina ez zuen hunkitu, noski: AEBetako gerra aferez okupatu zen 1961etik 1968ra, John F. Kennedyrekin lehenbizi eta Lyndon B. Johnsonekin gero. Vietnamgo gerraren urterik odoltsuenetan.

Uztailaren 6an 93 urterekin hil den politikari zaharrak azken urteotan autokritika publikoa egina zuen behin baino gehiagotan. Hori nabarmendu da McNamararen biografietan. Baina ez autokritika izan zen anbiguotasunik gabea eta ez Vietnamgo gerratik apartatzearekin bukatu ziren AEBen helburu inperialarekiko McNamararen zerbitzu oso bereziak. Bereziki azkarra zen gizon bati zegozkionak.

Kaliforniako Berkeleyn ekonomian lizentziatu berritan harrapatu zuen II. Mundu Gerrak. Kapitain sartu eta lotinant koronel atera zen, tartean armadari zerbitzu handia egin ziolako hegazkinen bonbaketen eraginkortasuna hobetzen. 1946an Ford konpainian hasi eta buruzagitzaraino iritsi zen laster. Haren izena kronikek Forden Falcon eta batez ere Lincoln Continental modeloekin lotzen dute.

1960ko azaroan Fordeko presidente izendatu zuten, baina bost aste beranduago Kennedy lehendakari berriak deitu zion AEBetako gobernurako. Harekin sartu zen politikan... eta Vietnamgo sarraskian. Hiru milioi vietnamdarretik gora eta 50.000 soldatu amerikar hiltzea eta herrialde haren suntsitzea ekarriko zituen.

Vietnamgo gerra amerikarren hanka-sartzea izan zela, damutzen zela eragindako heriotzez, ongiaren aldeko eta gaizkiaren kontrako guduketan bortxaren proportzioa zaidu behar dela beti... elkarrizketetan bezala filmetan esplikatu izan ditu zahartzaroan McNamarak.

Jonathan Schell irakasle eta idazleari 1995ean hau esan omen zion: “Herrialde txiker horretan (Vietnamen) aliatuek II. Mundu Gerra osoan botatako bonba guztien hiru edo lau halako erabili genituen. Ez sinestekoa izan zen. 3.200.000 vietnamdar hil genituen, Hego Vietnamgo soldaduak kontatu gabe. Jainko maitea! Gehiegikeria izan zen. Militarki inposiblea zena saiatu ginen lortzen: jendeen borondatea makurraraztea”.

Armaz ezina, zorrez irabazi

Gerrak bere garaian sortu zuen polemikaren barruan oihartzun handia izan zuten “McNamararen paper” famatuek, berak dimititu ondoren plazaratu zirenek. Haietan bildu zuen ministroak Vietnamgo sarraskiaren gezurra, herritarrei ezkutatzen zitzaiena. Baina paperok kaleratu zituen Daniel Ellsberg Nixonek eta estatu osoak pertsegitu zutenean, McNamara isilik egon zen. Bazuen motiboa.

Vietnamgo triskantza buruzagi berriekin aurrera zihoan bitartean, Robert McNamara Munduko Bankuko presidente egin zuten. Kronika batean baino gehiagotan irakur daiteke gerraren txikizioak eragin zizkion damuzko burutazioek eraman zutela Munduko Bankutik gosea, gaitzak eta txirotasuna borrokatzera. Ez da hori pobreziaren aditu batzuek McNamaraz duten ustea.

ATTAC elkarteko Eric Toussaintek idatzi du McNamarak 1968tik 1981era ezarritako politikek baimendu dutela herrialde askoren zorpetzea eta agintarien ustelkeria, kanpo zorra erabiliz komunismoaren kontrako eta inperioaren zerbitzurako tresna geopolitikotzat.

“1968tik 1973ra – idatzi du Munduko Bankua, etengabeko estatu kolpea-ren egileak– kreditu gehiago eman zituen 1945tik 1968ra baino. Hegoaldeko herriei bultz egiten zitzaien zor handietan sar zitezen, esportazioak handitu eta munduko merkatuan sartzekotan. McNamararen eraginez izugarri zorpetuz herriok berenganatu zituzten alferrikako azpiegiturak (...), ingurugiroa hondatzen zuten urtegi gaizki eginak, eta abar. Diru freskoa erakusten zitzaien amuan, agintarien ustelkeriaren kontrako batere mekanismorik gabeko diru likidezia, eta gobernu gehienek onartu zituzten Munduko Bankuaren gomendioak”.

MBak baldintzarik onenak eskaintzen zizkien Mendebaldeko potentzien aldeko agintariei (Mobutu Zairen, Suharto Indonesian, Brasil, Txile edo Argentinako diktadurak...) eta aldiz zorrotz baldintzatuta uzten zien dirua aginduak obeditu nahi ez zituztenei (Egiptoko Nasser, Indonesiako Sukarno, Ghanako NKrumah, Jamaikako Manley...”.

James Bovard-ek Counterpounch gune amerikar ezkerrekoan garai horretako bi kasu adierazgarri nabarmendu ditu. Bata Vietnam da. Hango gerra okerreko kalkuluekin eta gezurrekin genozidioraino eraman ostean, McNamarak Munduko Bankutik lagundu zuen Vietnamen berreraikitzea. Geroztik han komunismoaren labelarekin multinazionalen azpikontrataziorako ekonomia kapitalista antolatu izanak izanen du zerikusiren bat.

Bigarren adibidea Afrikakoa da. McNamararen liderrik gogokoena Julius Nyerere omen zen, Bovardek dioenez, Tanzaniako buruzagia. Horregatik, Tanzaniak hamarkada hartan beste ezein herrialdek baino laguntza gehiago jaso zuen MBtik. 1970ko hamarkadan Nyererek, MBren gomendioei segituz, Tanzaniako nekazaritza sistema kapitalistan txertatzeko deliberoa hartu zuen, baserritarren bizimodua hankaz gora jarriz. Soldaduek betiko bizileku zaharrak erre zizkieten nekazariei, jendeak kamioietan sartu bortxaz eta herri berrietan bildu, etxola berriak eraikitzera behartu, kanpoan lo egitea debekatu...

Munduko Bankuaren esperimentuok gosea eta txirotasuna urritzeko balio ez dutela kontu jakina da. 1980ko hamarkadatik zorren interesak igotzen hasi eta estatu osoak dirurik gabe geratu direla bezala.

Hona Eric Toussaint-ek McNamaraz egin balantzea: “Haren hogei urteko kudeaketak bi helburu bilatu zituen arrakastaz: independente izan nahi zuten herriekiko abantaila berreskuratzea eta Hegoaldeko herriak menpekoagotzea”.

Informazio gehiago:


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude