argia.eus
INPRIMATU
Lana bermatua du 2011 bitartean
Daniel Udalaitz 2009ko uztailaren 26a
Dagoeneko ehun urte dituen Sestaoko ontziola gaur egun osasuntsu dagoela dirudi, bere historian hainbat krisialdi jasan baditu ere. Oraingoz egungo krisialdiak ez dio eragin eta, kontratatutako ontziei esker, 2011ko martxora arteko lan karga bermatuta dauka. CNNren esku zegoen Naval 2005ean pribatizatu zutenetik, ontzi bakarra irten da ontziolatik, Sestao Knutsen norvegiar gas ontzia (argazkian), baina beste lau dituzte eraikitze prozesuan edo kontratatuta.

Navalek 400 langile finko ditu eta beste 1.200 azpikontratatuta. 2007an 240 milioi euro inguru fakturatu zituen, 2008an berdintsu, eta 2009an ere antzeko kopurua fakturatzea aurreikusten dute. Azken urteotan, emaitzak positiboak izan direla –etekinak izan dituztela– jakin arren, Navaleko arduradunek etekin horiek zehaztea saihestu dute.

Gogoan izan behar da Navalek, garai oparoenean, 3.500 langile finko izan zituela eta egun, 400 baino ez. Azpikontratatzea oso handia da, 1.200 langilekoa. Hain zuzen, iragan apirilean, azpikontratatutako langileek ontziolaren jarduera geldiarazi zuten, kontratazio politika salatzeko: enpresak Euskal Herritik kanpo prezio baxuagoetan kontratatzen ditu langileak. Azkenean, enpresak soldaten “lehia desleiala” alde batera uztea onartu zuen.