Iban Zaldua

"Gerra zibilaz idaztea izan daiteke gaurko 'Gauza'z idazteko modu bat"

  • Zu hondartzan eta guk gerra ekarri. Hau ez da ba Normandia, harea odolez margotzeko... Zer ari da gertatzen? Ba, Gerra zibilak jarri diola izena Iban Zalduak datorren astean Argiarekin banatuko den udako ipuinari. Ipuina aitzakia hartuta, gatazka dialektiko txikia izan dugu idazlearekin –ezer seriorik ez, lasai ama–, euskal literaturaren armez, lubakiez eta fronteez.
Gorka Bereziartua Mitxelena @boligorria
2009ko uztailaren 26a
Iban Zaldua
"Pesimismorako joera naturala daukat, ez dago besterik; noizean behin beheraldiak izaten ditut. Azken aldi honetan, agian, itxaropen handiak nituelako hiruzpalau liburutan jarriak, eta, tamalez, eskuetatik erori zitzaizkidalako".IƱigo Azkona

“Iban Zaldua? Ipuingilea!” dio jendeak duda gutxirekin. Baina geroz eta luzeago idazten hasi zara: azkena, nobela. Ipuin hau bera ere urrun dago zure aurreneko lanetako KO azkarretatik. Heldutasuna da, ala nondik moztu ez dakizu?


Berrogeita hiru urterekin heldutasuna iristen ari bazait, jai daukat, ez duzu uste…? Edonola ere, ipuingileak eta nobelagileak, biek jakin behar dute nondik moztu: printzipio hori genero guztiei egokitzen zaiola pentsatzen dut. Eta ez daukat nire ipuinak luzatzen ari diren inpresioa: tamaina honetako dezente idatzi ditut lehen ere, egia den arren agian erosoago sentitzen naizela sei-hamar orrialde inguruko luzerakoekin. Baina Argiak orrialde kopuru zehatz bateko ipuina idazteko agindu zidan, eta hala egin dut. Jakina, hiru laburrago egin nitzakeen, adibidez, baina luzera zehatz horretarako ideia bat neukan, eta, gainera, irudipena daukat, erosoegi sentitzea ez dela gauza ona idazle batentzat…

Ipuinaren apologista sutsua, Euskal Herria “ipuin herrialdea” dela diozu, ez “nobela nazioa”. Norbere lana goraipatzeko modu sotilak ikusi ditut, baina hau…


Ideia hori Rodrigo Fresán idazleari lapurtu nion: bere artikuluan argentinarren ipuingintzarako zaletasuna esplikatu nahi zuen, eta hipotesia euskal kasura ondo egokitzen zela iruditu zitzaidan. Hala ere, arrazoi osoa duzu: denok daukagu autopropaganda pixka bat egiteko eskubidea, baina behintzat ez naiz iristen nire azkeneko liburua “iraultzailea” dela aldarrikatzera, adibidez... Dena den, halako zerbait esateko oinarririk ez banu izan, ez nukeen egingo. Eta uste dut oinarriren bat badagoela: euskal idazleen ipuin produkzioaren bikaintasuna, azkeneko urte hauetan. Hor daude, besteak beste, Haragia, Diotenez, Umeek gezurra esaten dutenetik, Euskal hiria sutan, Bizia lo, Euri kontuak, Sargori, Itzalen itzal, Obabakoak, Azukrea belazeetan

Eta hala ere, azken aldian triste samarrak ematen dute Volgako Batelariaken idazten ari zaren gogoetek. “Inpresio bat: minimoen programekin etsitzera eramaten gaituen xirripa ahula baino ez dela, geroz eta gehiago, egungo letren produkzioa”. Hain gaizki, e?


Ez, hain gaizki ez: pesimismorako joera naturala daukat, ez dago besterik; noizean behin beheraldiak izaten ditut. Azken aldi honetan, agian, itxaropen handiak nituelako hiruzpalau liburutan jarriak, eta, tamalez, eskuetatik erori zitzaizkidalako. Eta, bestalde, arduratuta nagoelako herri honetan itzulpenei ematen diegun garrantzi txikiarekin. Angel Errok dioen bezala, ziurrenik euskaraz argitaratzen ari den literaturarik onena itzulpenetan daukagu, eta erraza da ondorioztatzea zergatik: kontsumo literatura gutxi itzultzen denez, Literaturaren Historiak testatutako liburuak itzultzen dira gurean, batik bat, eta hobeak dira, ondorioz, edozein euskal liburu garaikide baino. Eta, halere, ez ditugu irakurtzen, ez diegu kasurik egiten apenas. Dezente deprimitzen nau horrek.


Eta deprimituta ere idazten jarraitzen duzu! Zer nahi duzu, historia irakatsi ordez, historiak zu irakats zaitzan?


Niretzako idaztea ohitura bat bihurtu da honezkero: bizioa batzuetan, gaixotasuna bestetan. Disfrutatzen dut horrekin, gehienetan. Historia irakasten bezainbat. Duin egin nahiko nituzke gauza biak, hori da nire aspirazio nagusia. Ez dut transzenditzeko asmo berezirik: hemendik ehun edo berrehun urtetara, literaturaz arduratzen denik geratzen bada ere, inor ez da gutako gehienez gogoratuko. Gu duela berrehun urteko idazle gehienez gogoratzen ez garen bezalaxe.

“Abertzale mundutik kanpo diren idazleek dute gaurko gatazka aipatzen; eta abertzale munduan direnek dute 36ko sarraskia aipatzen”. Itxaro Borda dixit. Gudariak dira ipuin honetan protagonista. Abertzalea da Iban Zaldua?


Kar, kar, kar. Depende goizean zein umorez altxatzen naizen. Uste dut garai batean ia egunero esnatzen nintzela abertzale, baina gaur egun ez zait horren maiz gertatzen: nire identitatean beste tasun batzuek hartzen dute nagusigoa abertzaletasunaren gainean. Adibidez, nire thesmithszaletasunak, edo nire philipkdickzaletasunak. Nahiz eta egia den, Anjel Lertxundik zioen bezala, euskaraz aritzen garen guztiok garela, noiz edo noiz eta neurri ezberdinetan, abertzale: tamalez.

Dena den, ez dakit oso ados nagoen Itxaro Bordarekin: badaude goizero oso abertzale esnatzen diren idazleak, Gauzaz aritzen direnak. Alde batera utzi gabe Gerra Zibilaz idaztea izan daitekeela, batzuetan, gaurko Gauzaz idazteko modu bat, orobat.

Azkenak
2018-06-24 | Jon Torner Zabala
Umorea eta botere harremanak
Irriak norabide berean kolpatzen duenean beti...

Zer da umorea? Galdera inuzentea dirudiena korapilatu daiteke nahi bezainbeste. Zergatik egiten dugu barre gauza batzuen inguruan eta besteez ez? Natural ateratzen zaigu irria, ala zer eta noren gainean barre egin irakatsi egin digute?

Umoreak ia beti egiten baitu boterearen alde, goitik behera maiz. Nor den subjektua eta nor objektua. Nork nori. Horra gakoetako bat. Generoa, arraza, identitatea, naziotasuna… umoreak ditu hierarkiak markatzen. Naziotasun-identitateari heldu diogu... [+]


2018-06-24 | Axier Lopez
Munduko Kopak badu irabazlea

Estadio, taberna eta albistegietako orroak futbola ez den gainerako guztia estaltzen hasi dira, baita nazioarteko futbolarekin lotutako negozio ilun eta ustelak ere. 2015eko AEBetako fiskal nagusiaren hitzak ahanzturaren zingiran urperatu dira jada: “Futbolaren kupuletan agerikoa, sistematikoa eta sakonki errotutakoa da ustelkeria”. Errusiako gizonezkoen munduko futbol txapelketari begira izango dira 3.400.000 lagun, FIFAren datuen arabera. Eta badakigu kiroletik baino negoziotik... [+]


Mugimendu feministaren beste garaipen bat

Maiatzean Irlandan egin bezala, Argentinan ere mugimendu feminista garaile atera da Eliza Katoliko atzerakoiaren presioen gainetik. Diputatuen ganbera abortu legearen alde agertu da, hamaika urtean sei aldiz baztertu ostean.


2018-06-24
Neymarren orrazkera Aginagako angulak promozionatzeko kanpaina bat da

Aginagako angulagileek baieztatu dutenez, Brasilgo futbol selekzioaren Munduko Txapelketako lehen partiduan Neymarrek buruan zeraman beraien produktu berria: angulak curryarekin.


2018-06-24
"Small pintxos, great ostia" kanpaina, turistak kontzientziatzeko

Bilbon aurkeztu dute kanpaina, The World’s 50 Best Restaurants ekitaldian. Bezperan sukaldari gonbidatuek afaldu zuten Atxondoko Etxebarri erretegian eta, noski, barraskilo-zukuarekin erregositako pinaburuz betetako abakondo uzkiari laguntzeko txakolina edan behar, eta ondoren txupito eta klonklonklon batzuk, ba ideiarik onena nork botako lehian hasi eta hala amaitu zuela kontuak: “Small pintxos, great ostia” kanpaina, Akira Mamigutxi txef japoniarrak proposatua.


William A. Douglass. Amerikarraren erroak Nafarroan
"Oso lotuta nago euskaldunei, baina ez naiz euskalduna"

Euskal Herrian barrena ibili da oraindik orain William A. Douglass antropologoa. Inork uste ez duela etorri ohi da, eta han eta hemen ibili ondoren hegaldatzen da berriz. Hemen denean, konpromiso ofizialak bete eta, hutsik gabe, beti da ateak zabaldu zizkioten herri bietan, Etxalarren eta Aulestin. Bertan ditu amerikarrak euskal erroak.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude