Kobe hirian (Japonia) dagoen RIKEN zentroan, Shigeru Kuratani ikerlariak zuzentzen duen ekipoak hiru espezieren enbrioien eboluzioa aztertu du, dortoken oskola nola eratzen den jakin nahian. Hain zuzen ere, dortoka, oilaskoa eta sagua izan dira aztertutako espezieak.
Dortoka enbrioiak hamaika egun dituenean, oskola izango denaren egituraren aztarna azaltzen da bizkarraldean. Beste animalien enbrioietan toraxa izango dena osatzen hasten den bitartean, dortokaren kasuan saihetsen garapena oso baldintzatuta dago omoplatoarengatik; hark saihetsak blokeatu eta atzeko aldera bultzatzen ditu. Horrela saihetsak elkartu eta luzatu egiten dira, oskola eratuz. Beraz, aztertutako hiru espezieetan hezurrak eta muskuluak ordena berean osatzen dira; hazkundearen norabidea da aldatzen den gauza bakarra.