argia.eus
INPRIMATU
Baxatoxak
Joxemari Ostolaza 2009ko uztailaren 26a
Aspaldiko legean. Orain kontrolbako ikastolak jomuga. Ezaguna zaigu musika, oraindik Gure Egunkariaren kasuan isildu ez dena. Horrela hasi zen pieza hura. Lehenik prentsara igorri zuten ez dakit nondik bildutako akta baten berria, gerora gure egunkaria ixteko Aznarrek erabili zuena. Atxiloketak, torturak, kartzelatzeak. Badirudi prozesu bertsua martxan jarri nahi dutela ikastoletako egiturarekin. Lehen ETA, orain Batasuna. Edozein alderdi politikok du bizi publikoaren arloak aztertzeko eta bere erara antolatzeko ardura bere zereginean. Hori da hain zuzen eskatu behar zaiona. Eta nago, Batasunak Athletic, Reala, Alaves, Osasuna, Euskaltel, ETB, Iberdrola, Repsol eta erromako zubiari buruzko iritziak, asmoak eta gogoak badituela, zenbait bilkuratan, beste askoren artean aipagai dituztenak direla horiek ere aktetako edukina, EAJ, PSOE, PP eta gainerakoenak izango diren bezalaxe. Eta Batasunak horiei buruz planak eduki izanak guztiak gaizkile bilakatzen baldin baditu, hasi daitezela ongizatearen izenean haien ondasunak izozten eta arduradunak atxilotzen, berdintasunean bizi gaitezen. Hain dramatikoa ez balitz darabilten dantza, irrigarria litzateke, astakeri erraldoien erresuman atxikitzeko modukoa. Erne goiari.