Baudelairetxea jaunaren bila

  • Igel hanka lez irensten den liburua argitaratu du Jurgi Kintanak Pamielarekin: Urre urdinaren lurrina. Saio erabat atipikoa da. Paper zaharren artean murgildu, eta euskal idazle galdua xerkatu du historialari bilbotarrak. Zer aurkitu duen, bestelako kontua da.
Gorka Bereziartua Mitxelena @boligorria
2009ko uztailaren 26a
Charles Bodelaire
Charles Baudelaire-ren tankerako sinbolista euskaldunik izan ote zen XIX. mendean? Wikipedia
Zaila baita ez dagoen lekuan ezer topatzea. Baina gutxienez, jolas polita proposatzen du 100 orrialdeak iristen ez dituen saiotxo honek: XIX. mendeko poeta sinbolista euskalduna bilatzea. Akuilua Volgako Batelariak blogean sartu zioten: Angel Errok esaten zuen, jarraitzeko edo apurtzeko tradiziorik gabe, neketsua dela bidea gaurko idazle euskaldunarentzat. Eta beraz, garai hartakoen maneran idatzitako liburu apokrifoak beharko genituzkeela. Iban Zalduak –bai, aurreko orrialdean dagoen gizon hori– nobelatzar errealista, edo are, naturalista proposatu zuen apokriforako. Zerbait egingarriagoa bilatu du Kintanak: “XIX. mendeko apokrifoa posibleagoa litzateke Zalduak bostehun orrialdeko nobelatzarra barik testu laburrago bat proposatu izan balu. Hau da, testu ez-kostunbrista bat, burges girokoa, are puntakoa, baina laburra”. Pauso bat harago eman –“Eta aukera sinesgarria izanik gertaera erreala balitz?”– eta hara, liburua.

Hipotesi ugari jarri ditu Kintanak mahai gainean, eta aleka-aleka baztertuz joan da. Azpimarratzeko moduko pertsonaiak daude bidean: Edward Spencer Dogson euskararen ikerlari ingelesa, Azkuek baztertu zuena “sodomia” gustuko zuelako; Jean Etxepare, Aldudeko medikua, Jesukristoren aurka idazten aurrenetarikoa –Kepa Altonagak badu saio interesgarri bat hari buruz gehiago jakin nahi duenarentzat–; XX. mende hasierako Bilboko gazte abertzaleen giroa; kezka existentzialistak argitaratu zituen Pantzeske Astibia Onintze...

Irakurri osteko lau ondorio

Bat: uste baino entretenigarriagoa izan zela euskarazko literatura XIX. mendean... Tira, ez; ez oso dibertigarria, baina badira gehiegi nabarmendu ez diren arren, irakurri berri bat mereziko luketen idazleak.

Bi (aurrekoa baino garrantzitsuagoa): Kintanak hondarreko kapituluan dio, Lazarragaren artzain nobelaren aurkikuntza hain berandu gertatu delako, ez duela eraginik izan ondorengo idazleengan; izatekotan, hemendik aurrera izango duela; azken finean, euskal literaturaren tradizioa ipuin eta poema soltez osatu dela, nobela sendoz baino. Eta orain badauzkagula baliabideak (Armiarma.com eta tankerakoak) hori gerta ez dadin.

Hiru (kazetariak historiaren aurrean beldurtuta idatzia): Baina zer tradizio ari da sortzen orain? Ados, egituratuagoa dago dena; sistema(txo) bat existitzen da, baina... Zerk ziurtatzen digu hemendik 100 urtera euskaraz jardun nahi duen idazlea ez dela kexatuko, XXI. mendean ez zelako idatzi X motako nobelarik? Nortzuk dira gaur egungo Jean Etxepareak eta Onintzeak? Kasurik egin al die artikulu hau sinatu duenak aldizkari honetan? Batzuetan beldur hori etortzen zaio burura: historiak beharbada ez duela absolbituko, etorkizunean interes apur bat izango duten idazleei ez dielako lekurik eskaini.

Eta lau (izua uxatu nahian, burutazio xelebrea): Kintanak erakutsitako bideetatik ukronia interesgarri franko idatz daitezke. Imajinatu: 1920ko hamarkadako dadaista euskaldunen gorabeherak kontatuko lituzkeen nobela, haien poema zati eta guzti; edo, botatzeagatik, 1960ko hamarkada bukaeran, demagun ETAren eszisio batetik sortuko liratekeen situazionista independentistak... Gure historia herrena korrika jartzeko modua izan liteke; eta, nork daki, beharbada jendeak sinetsi egingo lituzke, nobela historikoak egiazkotzat jotzen dituen modu beretsuan.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-07-22 | Mikel Asurmendi
Oier Guillan: "Arrakasta jendearekin komunikazioa lortzea da, horretarako egiten dugu lan"

Donostiako Larratxo auzoa, 1975. Oreretako Mikelazulo kultur elkarteko eta Metrokoadroka kolektiboko kidea. Kazetari, idazle eta antzerkigilea. Zauri Bolodia saioa (Txalaparta) eskuetan mintzatu gara, antzerkiaz bereziki: “Guk egiten dugun teatro motak bestelako irakurketa eskaintzen duelakoan nago. Liburuko Jota lagunak dioenez, ‘edonork dauka oholtza gainean aritzeko eskubidea’. Areago, gure antzerkia amateurra edo profesionala dikotomiaz harago doa”, erran digu... [+]


2018-07-22 | Axier Lopez | ARGIA
20 urtez adierazpen askatasuna jo-puntuan

“Goizero-goizero amosal bonba txiki batek, 50 bat gramokoa, eztanda egiten du Euskadin: Egin egunkaria”. Hala zioen Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburu Juan  Mari Atutxak 1996an, gaur egun arte luzatu den ‘Dena da ETA’ teoriari ateak irekiz.


2018-07-22
"Belarrondoko", euskara ez entzuteko eskubidea aldarrikatzeko txapa

“Ahobizi” eta “Belarriprest” bezala identifikatzen ez den gehiengo isilaren borondatea errespetatu eta bizikidetzaren alde urratsa emateko, “belarrondoko” txapa sortu du Euskaraldiak.


2018-07-22
BBK Live jaialdiaren azkeneko edizioan %62 hazi da postureo-maila, antolatzaileen arabera

2018ko edizioaren balorazio positiboa egin dute BBK Live festibalaren antolatzaileek: egun guztietan sarrerak agortu dira eta jaialdira joan direnen postureo-maila iazkoa baino %62 handiagoa izan da.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude