ARGIAk 80etako olatu antinuklearra hartu zuen bere burua salbatzeko.
Azken hamarkadatan astekaria egiten duen enpresak produkzioa dibertsifikatu arren, hasieratik aldizkaria bera izan da produktu nagusia, eta produktu hori saltzeko ederki baliatu du bere burua. Goiz hasi zen Zeruko Argia autopromozioan. “Katolikoa al zera? Maite al dituzu euskaldunen oitura on eta garbiak? Erlijioa sendo eta euskaldunen oitura onak gorde nai badituzu Zeruko Argia’n dezu laguntzalle bikaña. Euskaldunen etxe guztietan ezta falta bear Zeruko Argia” zioen 1955eko maiatzeko aleak.
1971n mezu soil eta zuzena aukeratu zuten: “Arpideak bilatu, arpideak egin, Zeruko Argia zabaldu”. H-aren erabilera zabaltzea beste baterako utzi zuten, nonbait.
1976. urte hasieran aldizkariaren formatua aldatu zen eta egunkaritzarra aldizkari bihurtu zen. 1975eko azken alea zeharkako mezu bat helarazteko baliatu zuten. Astekariaren aldi eta egitura aldaketa azaldu ondoren, zera zioen testuak: “Bide batez, aldi berri honetarako, laguntza eskatu nahi genieke euskaldun guztiei”. Handik egun gutxira 1978ko urtarrilaren 18an mezu logikoa luzatu zuen astekari berrituak: “Bakoitzak harpide berri bat gehiago egingo balu, orduan bai ondo”. 1976 euskal prentsaren urtea izan zen eta bi urte geroago Deia eta Egin egunkariak agertuko ziren. Tartean, 1977an Anaitasunak eta Zeruko Argiak batera mezu hau helarazi zieten: “Geu gara euskal prentsa”.
1980ko hamarkada kinka larrian hasi zuen Argiak eta laguntza eskatzeko eguzki antinuklearra erabili zuen “Desagertzea? Ez, eskerrik asko” lelopean. Eta mezuan asmatuko zuten, ez baitzen desagertu.