Iñaki Arrutik Ertzaintzarekin izandako esperientzia gipuzkoaueskara.net-en kontatua: "Nik berarekin euskaraz aritu nahi nuela eta, ezinezkoa zela zirudienez, zerbitzua euskaraz emango zidan norbait eskatu nion, jator. Berak, berriz ere, ez zekiela erantzun zidan. Nik gauza bera errepikatu nion eta ertzain taldeko arduradunarengana joan zen. Handik gutxira, arduraduna etorri zitzaidan ‘¡Con que con ésas estamos!’ esanez. Nik, hari ere, euskaraz esan nion aurrekoari esan nion gauza bera: administrazioarekin, Ertzaintzarekin, harremana euskaraz nahi nuela. Hark, ordea, ‘¿Qué quieres, a las buenas o a las malas?’ erantzun zidan. (...)
Aste batzuk pasa dira eta amorrua goxatu zait pixka bat. Nire buruaz, pittin bat bada ere, barre egitea ere lortu dut: TELPeko (Taller de l'Espai Lingüístic Personal) ikastaroak jaso (eman ere bai bateren bat), antzeko hizkuntza-egoerei asertibotasunez aurre egiteko teknikak langai izan… eta gero hau! Nire asertibitate-maila linguistikoak ere topatu du bere inkonpetentzia-maila…
Eta hurrengoan, zer? Alabarik gabe baldin banoa, ‘A las buenas’ euskaraz zerbitzatuko nauen norbait ekarri arte planto egitea pentsatuta daukat. Eta inor ekartzen ez badu, berriz, berak erabaki dezala ‘a las malas’ horrek zer esan nahi duen".