Astero, urtero eta egunero

  • Astero aldizkaria ateratzea nahikoa ez eta 80ko hamarkadan urtea Urtekariaz borobiltzea erabaki zuen Argiak. 90eko hamarkadan egunero bere aletxoa jartzen hasi zen, egutegia medio. Liburuei eta jokoei ere ekin zien, baina astekaria saltzen jarraitzea ahaztu gabe.
1991 amaierako iragarkia; lehen egutegia iragartezeaz gain, urte hartako Euskal Kulturaren Urtekariaren edizioaren berri ematen zen.
- Trrr... trrr... trrr!
- Zein da?
- Zeruko Argia. Arantzazu?
- Bai, emen gaituzu negu biotzean elurgirotan sartuak.
- Ba, urteak azkena duala ta, zerbait jakin nai genduke zuen Egutegiaren berri. Noiztikoa dezue zuen ormako Egutegi ori?
- 1936’garren urtean jaioa da. Arantzazu’ko Adre Maria’ren koroatzearen urrezko eztaiak zirala ta, orduantxe hasi zan gure euskal egutegia (...).
-Zertarako azaldu zenduten egutegi ori?
- (...) Egutegiko orritxo orrek ez du iñor bildurtzen eta poliki-poliki gure erria euskeraz irakurtzen oitzan da”.
Elkarrizketa hau Nemesio Etxanizek jaso zuen Zeruko Argiaren 1965eko lehenengo alean.

Astekariak urte asko zeramatzan gure herria euskaraz irakurtzen ohi zedin ahalegintzen, baina 1991n, Nafarroako AEKren ekimen batean oinarrituta eta Arantzazuko almanake itxurako egutegia eredu, ekoizpena dibertsifikatu eta egutegia egitea erabaki zuen. Aldizkarian berta iragarri zenez, “takoan joango da” eta “santutegia, ilargi, itsaso eta eguzkiaren datuak, txisteak, errezetak...” zituen. Ordutik, denetik topatu ahal izan dugu egun bakoitzaren atzean: landareak zaintzeko aholkuak, sudokuak, biorafia txikiak, efemerideak...

Baina urte batzuk lehenago, 1983an, ARGIArekin batera beste produktu bat agertu zen: Euskal Kulturaren urtekaria. Ordutik, urtez urte, ARGIAko kazetariak urtean zehar kulturak eman dituenak biltzen dituzte eta, horrez gain, hasieratik aurkibide bat erantsi zaio euskal kulturaren pertsona, elkarte eta erakunde nagusien kontaktua biltzeko. Hala, kaleratu eta berehala erreferente bihurtu zen eta, zenbait urtez, Internet oraindik etorkizuneko ametsa zela, aurkibidea disketean ere argitaratu zen bilaketa errazteko.

Urtekariak liburu itxura zuela aprobetxatuz-edo, urte hartan bertan Zeruko Argia enpresak lehenengo liburua argitaratu zuen: Arpa Jotzen txiste bilduma. Txistegintzak gehiagotarako eman zuen eta aurrerago Txorakikeriak liburu hirukoiza kaleratu zen, beti ere Kike Amonarrizen eskutik. Mantxut lokuzio bildumak ere hiru ale eman zituen, eta mendi ibilaldi eta txangoek, aldiz, beste bi: Ihesi eta Euskal Herriko gida. Paperean kaleratu ziren baita ere 60ko hamarkadako hitzak eta Franco hil da, Zeruko ARGIAko elkarrizketa zahar hautatuak biltzeko.

Ondoren jokoak etorri ziren, Badakit sailaren eskutik. Eta ukitu ezin badaitezke ere, astekariarekin batera, hainbat produktu eskaintzen ditu ARGIAk sareratu zenetik.

Guztia, poliki-poliki, gure herria euskaraz bizitzen ohitu dadin.
Bakoitzak harpide berri bat egingo balu...
Azken hamarkadatan astekaria egiten duen enpresak produkzioa dibertsifikatu arren, hasieratik aldizkaria bera izan da produktu nagusia, eta produktu hori saltzeko ederki baliatu du bere burua. Goiz hasi zen Zeruko Argia autopromozioan. “Katolikoa al zera? Maite al dituzu euskaldunen oitura on eta garbiak? Erlijioa sendo eta euskaldunen oitura onak gorde nai badituzu Zeruko Argia’n dezu laguntzalle bikaña. Euskaldunen etxe guztietan ezta falta bear Zeruko Argia” zioen 1955eko maiatzeko aleak.
1971n mezu soil eta zuzena aukeratu zuten: “Arpideak bilatu, arpideak egin, Zeruko Argia zabaldu”. H-aren erabilera zabaltzea beste baterako utzi zuten, nonbait.

1976. urte hasieran aldizkariaren formatua aldatu zen eta egunkaritzarra aldizkari bihurtu zen. 1975eko azken alea zeharkako mezu bat helarazteko baliatu zuten. Astekariaren aldi eta egitura aldaketa azaldu ondoren, zera zioen testuak: “Bide batez, aldi berri honetarako, laguntza eskatu nahi genieke euskaldun guztiei”. Handik egun gutxira 1978ko urtarrilaren 18an mezu logikoa luzatu zuen astekari berrituak: “Bakoitzak harpide berri bat gehiago egingo balu, orduan bai ondo”. 1976 euskal prentsaren urtea izan zen eta bi urte geroago Deia eta Egin egunkariak agertuko ziren. Tartean, 1977an Anaitasunak eta Zeruko Argiak batera mezu hau helarazi zieten: “Geu gara euskal prentsa”.

1980ko hamarkada kinka larrian hasi zuen Argiak eta laguntza eskatzeko eguzki antinuklearra erabili zuen “Desagertzea? Ez, eskerrik asko” lelopean. Eta mezuan asmatuko zuten, ez baitzen desagertu.
Zaindu bihotzok
Bazoazte eta ondo joan. Eta ez ahaztu hortzak garbizteko zepiloa, eta ondo orde dirua. Gogoan hartu Niveak bigotea hazarazten duela eta haurrak mareatzen direnetakoak badira eta abusatu Biodraminarekin. (...) Telefonoaz ahaztu eta besterik gabe atseden aldi bat hartu nahiean Auñamendira pake bila zoaztenok, eta hain zuzen ere pakez haseturik Bartzelonara gerra bila zoaztenok, aurkitu ditzazuela behar dituzuen gerra eta pakeak.

ASTEKARIA
2009ko uztailaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude