argia.eus
INPRIMATU
Soilgunetik
Gorka Urbizu 2013ko maiatzaren 06a
Alex Larretxi
Musikaren mapan badira hiriburuak. Metro karratuko artista kopurua ohikoa baino anitzagoa duten eremuak dira. Dena delakoagatik testuingurua apropos bilakatzen da alegiazko mapa horretan txintxeta bat iltzatzeko. Batzuetan talde jakin batek izugarrizko sona bereganatzen du eta haren inguruko eszena nabarmentzen da, prentsa lagun. Bestetan testuinguru bereziak agintzen du. Adibidez, giro soziopolitikoa itogarria izan eta kulturak bere askatasun zirrikituak bilatzen dituenean: raparen hastapenak kasu.

Orokorrean metropolietan loratzen dira hiriburu musikalak (Seattle, Manchester...), baina inoiz ematen da halakorik teorian horretarako ekosistema egokirik ez duten tokietan. AEBetan, esaterako, ohiko fokoetatik kanpo eszena alternatiboak atera dira. Omaha hiriaren altzoan, konparazione, Saddle Creek zigiluak ildo polita ireki du, Nebraskako artadietan kontuan hartzeko musika egiten dela erakusteko. Edo Georgia, metal musikaren iturburuen sukurtsal berria bilaka daitekeena, San Franciskoko Bay Area mitikoari lekukoa hartuta.

Eta gurean zer? Ahaztu ETBko eguraldiko mapa berria eta gogoan har Euskal Herria deitzen genuen hori. Non jarriko genituzke gure txintxetatxoak? Bilbon bat akaso? Donostiako aldirietan? Iruñean? Horietan guztietan badago mugimendu moduko bat, nahiz eta oso bateratua ez egon, nahiz eta rockaren egoera katatonikoegia izan “eszenei” buruz hitz egiteko. Baina “metropolietatik” kanpo, guk ere baditugu gure Omahak eta Georgiak. Nola azaldu bestela Bidasoa inguruko musikarien maila? Bera, Irun... urtetan eszena berriztagarria izan da eta halatsu jarraitzen du oraindik ere. Bejondeiela.

Baina hiriburuez baino, mapako soilguneez hitz egin nahi nuen nik. Horietako batetik bainator ni. Lekunberrin, Larraunen, ez da inongo rock mugimendurik izan –taldeei dagokienez–. Inguruko ibarretan ere larri, kasu bakanak alde batera. Hamazazpi urte herrian entseatzen eta orain gutxi arte ez dugu pua triste bat inorekin elkarbanatzerik izan. Halabeharrez, gure nerabezaroko erreferentziak ez dira hezur-haragizkoak izan, argazkietan eta disko-azaletan ikusten genituenak baizik. Horregatik poz itzela hartu dut nire herrian talde berri baten sorrera ikusi dudalarik. Ados, Larraun ibaia ez da Bidasoa izango, baina “eszena” bat edukitzeko gutxienez bi talde behar dira, eta orain badugu hori.