Nagore Legarreta
I
Zenbaitentzako opor garaia
gerturatu da seguru
eta gaur hari buruz bertsoak
jartzea nuke helburu.
Azken urtetan gure bizitzan
parte handia hartu du
prestakuntzako lanetik ere
zientzia bat egin dugu.
II
Ume garaian gutxik zeukaten
beraneorako sosik:
guk kanpinaz gain ez dugu izan
estantzia aproposik.
Hiru astean txankletak jantzi
ta erdietan ortozik...
non geunden ere ez genekien...
eta halere ze pozik!
III
Gaur egun berriz, bi eguneko
zubi xaxtar bat denean,
hotelak bete egiten dira
geografia denean.
Lotsarik gabe “Zu nora zoaz?”
galdetzen da zuzenean.
Ez joateak lotsa emango
ote digu azkenean?
IV
Lehengo batean egun batzuen
aukera hurbildu ahala
aipatu nuen Nafar aldera
joan asmoa neukala.
Ta inguruan ia normala
izango balitz bezala,
ondorioa atera zuten
inora ez nindoala.
V
Ta ikasleak, ai ikasleak...
besteren kontu, jakina,
lau bat urtean ikusten dute
edozein mundu-izkina.
Erasmuseko lagun-aitzaki
London bezala Pekina...
Obamak baino sarriagotan
hartzen dute hegazkina.
VI
Espainia aldeko nekazaletxe,
Paradore ta posada...
Amsterdameko alberge kutre,
Karibeko hotel plaga...
Fakturazio ta overbooking
eskala eta jet-lag-a...
oporra ez da urrun joatea,
lanik ez egitea da.
Doinua: “Andre txarraren bentajak”.