argia.eus
INPRIMATU
Lorena Lopez de Lacalle, Arabako Euskara, Kultura, eta Kirol diputatua
"Aztarnategia belioetsi behar dugu, aukera handiak dituela jakitun"
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2009ko uztailaren 19a
Argazki Press / Juanan Ruiz
1985ean Iruña-Veleia EAEko historia eta kultura ondarea izendatu zutenetik, aztarnategia babesteko eskumena Arabako Foru Aldundiarena da.

2007ko abuztuan Lorena Lopez de Lacallek hartu zuen Euskara, Kultura eta Kirol saila, eta 2008ko urtarrilean zabaldutako ohar batean adierazi zuenez, “neure gain hartu nuen berehalakoan Iruña-Veleiako aztarnategiaren egoera orokorraren analisia”. Honela laburbildu zuen, ordean, egoera: “Hedabideetan grafitoen ‘aurkikuntza harrigarriei’ buruzko informazio kontrajarriak agertzen ari ziren eta ohartu nintzen ez zegoela ikerketa proiekturik eta ez zegoela diziplina anitzeko talderik edo batzorderik”. Adierazpenak nonahi agertzen ziren, egiaztapen zientifikorik, ordea, ez. Hortaz, beti ere Lorena Lopez de Lacalleren esanetan, “eskua sartu beharra zegoen, ezinbestean”.

Horrenbestez, Iruña-Veleia Proiektuari buruzko aholkularitzarako zientzia batzordea jarri zuen abian. Eta handik aurrerakoak hedabideek jaso dituzte azken urte eta erdian.

Orain beste fase bat zabaldu da aztarnategian. ‘Iruña-Veleia auziaren’ fasea iragan martxoaren amaieran aldatu zen, duela hiru hilabete inguru, Aldundiak kereila aurkeztu eta bide penala abian jarri zuenean. Diputatuaren hitzetan, “horixe izan zen mugarria guretzat, horrek Justizia Administrazioaren esku ipini baitzuen kasua, erantzukizunak argitzeko nahiko zantzu badagoelakoan”.

Auzia albo batera utzi eta aztarnategiaren ardura dutenek ondare zati garrantzitsu horrekin hemendik aurrera zer egin behar den aztertzen hasi dira. “Gauzak horrela, aztarnategi berriaren garaiari ekin genion itxaropentsu, Euskal Herrian garrantzi handikoa dela jakin baitakigu. Gaur egun lanean ari gara bete-betean aurtengo bigarren seihilekoan hasi beharreko fase berri horren prestakizunetan: balioetsi egin behar dugu aztarnategia, eta horretarako pauso sendoak emango ditugu gure legealdiaren bigarren zatian, Iruña-Veleia berriak aukera handiak dituela jakitun”.