argia.eus
INPRIMATU
Justizia klasista
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 06a
Joan den astean epaiketa egin zen Gasteizen hiru euskal herritarren kontra, “atentatua, autoritateari erresistitzea, lesioak eta desordena publikoak” salatuta. Duela hiru urte, Zaramagako masakre polizialaren hogeita hamargarren urteurrenean –bost langile hil zituzten eta beste hainbat zauritu– egindako manifestazioan gertatutakoekin loturiko salaketak dira. Ertzaintzak modu basatian kargatu zuen manifestarien kontra, egun horietan kartzelan hildako preso politikoen argazkiak eta ikurrin krespoi belzdunak manifestariei kentzeko aitzakiarekin. Hain zuzen, atxilotuen artean zeuden 1976ko martxoaren 3 hura jasan behar izan zuten bi pertsona. Fiskaltzak kartzela zigorra eskatu zuen hiru inputatuentzat, nahiz eta polizia autonomikoko agenteak kontraesanean sartu eta Espainiako Audientzia Nazionalak “terrorismoa goraipatzea”ren akusaziotik absolbitu.
 
Hau da justizia klasista: masakre poliziala egin zutela hogeita hamar urte igaro eta gero, bere arduradun politiko eta poliziala akusatuen aulkira eraman gabe jarraitzen dute, nola Fraga Iribarne eta Martin Villa. Alabaina, 1976ko martxoaren 3ko gertakizun hiltzaileengatik, duela hiru urteko manifestazioan egia eta justizia eskatzen zuten horiek kartzelaratu nahi ditu. Bankari eta espekulatzaileez “ahaztu” –langabezia izugarria sortzen ari den krisi ekonomikoaren arduradunak–, eta aldiz, jateko lapurtzen duen hura kondenatzen duen justizia berbera da hau. Lan istripuetan hainbeste heriotza izatearen arduradun diren enpresari horietaz ahaztu eta aldarrikapenerako manifestazioetan “desordena publikoak” sortzen dituzten langileak kondenatzen dituen justizia. Errepresiogileen justizia da, errepresaliatuen kontra. Justizia eskatzen jarraitzen dugu 1976an Gasteizen izandako masakre polizialaren arduradunen kontra.