argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2013ko maiatzaren 06a

Sexty Sexers talde beratarrak irailean izango du kalean disko berria. Hello Mantra izango du izena, eta taldearen hirugarren lan luzea izango da. Diskoa Volcom Entertainment diskoetxearekin emango dute argitara, hau da, Kaliforniako (AEB) zigilu batekin. Horri esker, Euskal Herritik kanpo ere zabaltzeko aukera izango du Bidasoaren usaina duen rock&rollak.

 

L'Alakran antzerki taldearen azken lana, Kaïros, sysiphes et zombies (Kaïros, Sisifoak eta zonbiak) Avignoneko (Okzitania) jaialdian izango da aurten. 40 ikuskizun inguru biltzen ditu urtero Avignoneko jaialdiak eta uztail osoa irauten du. L’Alakranen antzezlanak, denboraren zentzuaz gogoeta egitera gonbidatzen du ikuslea.

 
 

Gorka Aulestia ondarroarrak 1936ko Gerran oinarritutako gertaerak eta hura galdu zutenek jasandako ondorioak bildu ditu Estigmatizados por la guerra (Gudak pitzatuak) liburuan. Euskaltzainak, gainera, garai hartako euskal kulturako pertsona zenbaiten oroimenetan oinarritu du literatur lana.

 

Amaia Riouspeyrousek lehen diskoa kaleratu du: Har Ezazu. 25 urte ditu eta France Bleu Pays Basque irratian antolatutako musika txapelketa irabazi izanari esker eman ahal izan du jauzia. Diskako hitzekin Niko Etxart, Itxaro Borda, Xan Alkhat, Kattalin Indaburu eta Fred Fortek lagundu diote, eta musika Philipe Abor eta bere talde Aphasiak jarri diote.