argia.eus
INPRIMATU
Euskara 'erraza'
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 06a
Txerra Rodriguezek Karmele Rotaetxek El Correo egunkarian idatzitako artikuluaren pasartea eraman du bere blogera (www.blogak.com/garaigoikoa). Rotaetxek honela bukatu du artikulua: “Jatorrizko euskaldunak eta beste gutxi batzuk salbu euskarak hizkuntza formala, ikasia eta hedapen zailekoa izaten segitzen du”. Euskara soildu beharra lehen ere aldarrikatu du Rotaetxe soziolinguistak. Blogean erantzun bat baino gehiago izan da, horietako bat ander erabiltzailearena: “Izan ere, nola esaten dugu euskaldunok esaldi hau: ‘Sí, podía haberte avisado pero no me acordé’. Nire herrian behintzat horrela: ‘Bai, deitu zintuzketetanehestooeeeh.. bueno, que podía haberte avisado’. Begiratu ordea: ‘bai, deitzen ahal nizun, baina ez nintzen akordatu’. Ez al da errazago? eta bestea bezain jatorra gainera. Ni behintzat aspaldi hasi nintzen horrela hitz egiten, eta buruhauste asko kendu ditut gainetik”.