Bi aldiz jaiotzeaz

  • “Kontatu didate kolapsoa etxean edo, are gehiago, sendagilearenean gertatu izan balitzait, honezkero hila nintzela…”. Baina kolapsoa eskualdeko ospitaleko gela batean gertatu zitzaion Leire Ugalderi, anbulatorioko sendagileak gripe hutsa baino zerbait gehiago zuela igarri eta hara bidali zuelako.
Elena odriozolaren marrazkia
Birus batek urdailari erasaten diolarik, gastroenteritisa sortzen da, eta pneumonia birikei erasaten diolarik, baina infekzioak bihotzari eragitean ez dago zer eginik. Eta, hala ere, Leire Ugalde bizirik zegoen artean, iztaitik aortan barrena bihotzeraino heltzen eta taupadak eragiten zizkion kontrapultsazio baloiari esker, miokarditis biriko baten erruz. Eta ordukoaz ezer gogoratzen ez badu ere, Santanderreko Marqués de Valdecilla ospitalera eraman zuten, lur azpiko sotoan dagoen zainketa intentsiboetako unitatera. Bihotz transplantea zen aukera bakarra eta, bien bitartean, kanpotiko bihotz bat ezartzea.

“Kontatu didate –diosku begiak begietan– sendagile batek bestelako iritzia agertu zuela”. Antza, hamabost urte lehenago, adin bertsuko emakume gazte bat artatu zuen, eta hura bere kabuz, berez suspertu zen; eta ekografian iruditu zitzaion Ugalderen bihotz zatiño bat ere onera etortzen hasia zela. “Zazpi eta erdira jokatzea bezalakoa da. Bihar, agian, karta egokia tokatuko zaigu. Nire arreba balitz, itxaron egingo nuke”, medikuak. Eta familiak itxarotea onartu.

“Kontatu dezaket sei egunen buruan ni komatik ateratzea erabaki zutela, eta arnasa kentzeko aparailua deskonektatu zidatela. Eta, begiak irekirik, hamaika hodi, kable, ontzi eta ordenagailuz inguratua ikusi nuela neure burua. ‘Leire, entzuten al nauzu?’, galdegin zidan sendagileak, eta nik baietz erantzun, entzuten niola; ‘Hitz egidazu’, hark ekin, eta nik baietz, entzuten niola berriro ere, baina nire hitzak ez zitzaizkion iristen, indarrik ez, nonbait”.

“Konta dezaket gero ama, Jaime, haren gurasoak ikusi nituela, eta ama ‘Ze poza, hau poza!’ esaka hasi zela, baina nik ezin nuela haren poztasuna ulertu: esku-oinetatik ohera lotua ninduten, guztiz geldiarazia, hitz egin ezinik”. Sudurretik urdailera hodi bat sartua zioten, janaria bideratzeko; ahoan arnasa hartzeko maskara bat zeukan; bularraldetik kable bat sartua zioten, bihotza barnetik inguratzen zuena; eta kanpotik hura kontrolatzeko hainbat gailu kabledun; ezker besoan tentsioa neurtzeko beste makina bat zeukan, eta orratz bat eskumuturrari josia, zunda…

“Konta dezaket –diosku bere begi orain urdin orain berdoztak josten dizkigun bitartean– ez nuela ulertzen zer egiten nuen ohe hartan, zer gertatzen zitzaidan, eta galdurik sentitzen nintzela, eta besteen mendean nengoela guztiz, baina ezin nuela ezer galdegin”. ZIUko box hartan Platonen leize mitikoan bezalaxe sentitzen zen Leire, isla eta itzal-argien artean. Eta egunean zeharreko hamabosna minutuko bi ikustaldietan senideak errealitatea argitzen saiatzen zitzaizkion, baina berriro ere harrizko isiltasun hotz hura, eta Miyzakiren Chihiroren bidaia filmeko esaera hura gogoan: “Bizi izan duzun ezer ez da ahanzten, nahiz eta gogoratzerik izan ez”. Gaizkiturik, sosegatu ezinik zegoen: “Beti izan naiz oso aktiboa eta, geldotasun hartan, mendekotasun hartan, oso arraro sentitzen nintzen. Banekien guztiak egunerokotasunera, bizitzara itzultzen zirela, eta ni han geratzen nintzela, bakarrean, leizean bakarrik”.

“Konta dezaket, azkenean, nire egoera onartu egin nuela, bizirautea nahikoa ez, eta gauza txikiei erreparatzen hasi nintzela, denboraz eta neurriez jabetu nahian: nor noiz etortzen zen, zein jantzirekin… Makinek bizirauten laguntzen zidaten, baina pertsonek laguntasuna, konpainia eskaintzen dute, aurrera egiteko kemena. Erizain batek esana zidan: ‘Ai, enetxoa, bizi egin beharra daukazu’, eta gau batez guardian egongo zela azaldu zidan: ‘Gaur gauean ni egongo naiz eta, beraz, egizu lo lasai’”. Leirek halakoetan oso argi ikusten zuen gupidaren eta enpatiaren arteko aldea. Eta pertsonekin batera, Naia alabaren eta Elena adiskidearen marrazkiak! “ZIUan ezin dira sartu, gaixoek ez dituztela ikusten argudiatzen dute, baina Jaime egoskortu egin zen eta ikaragarri mesedegarri gertatu zitzaizkidan”. Alabaina, errealitatera arteko bidean haluzinazioak izan zituen eta ezin, artean, egiazko gauzak nahi bezala antzeman.

“Konta dezaket hobetzen hasi nintzela eta, halako batean, erizain baten laguntzaz atzamar bat mugitzeko gai izan nintzela. Eta atzamar bat nahikoa da txirrina jotzeko! Gainerako atzamarrak etorri ziren gero, eskua, besoa, ohean zorabiatu gabe eseri ahal izatea… Haurren prozesu berdin-berdina”. Eta noizbait ere lurpeko ZIUtik plantara igo zuten, hirugarren solairura, eta horra hor berriro ere kalea, zerua, jendea, bizitza… “Beti dago norbait zurekin hizketan, esaten zidaten sendagileek, baina haiek pasadizoan zihoazen eta nik egonean jarraitu beharra neukan. Garbitzaileek, aldiz, ez zuten presarik izaten eta gogoan dut, ospitaletik irten aurretxoan, erizain batekin bi orduz jardun nuela sakon hizketan”.

“Kontatu –dio begiak umel, itxi antzean, eta orduan ohartu zara etengabe begiak zabalik ikusi duzula Leire, eta denbora guztian ez bide dituela betazalak jaitsi; eta bizitza begien kliska baten antzekoa dela sentiarazi dizute haren hitzek, arina, oharkabekoa kasik–, neure buruari konta diezaioket zerbaitengatik gertatu zitzaidala hori, zerbaitengatik egin behar izan dudala bide hau eta iritsi naizela toki honetara”. Lehenago, hamaika hilabeteko tartean, hiru pertsona kuttun hil zitzaizkion: adiskide mami bat, aitona, aita bera. “Esperientzia horrek eragin zidan zama galdua dut orain, ez daukat oroitzapen txarrik edo bidegabekeria bat jasan izanaren sentsaziorik. Heriotza orain ez zait hain izugarria iruditzen, bakezkoak egin ditut heriotzarekin, eta argi dut ez duela merezi bizitza beldurrez bizitzea. Indartsuago irten naiz eta iruditzen zait denok ere uste baino askoz indartsuagoak garela, denok dakigula funtsean zer garen, nor garen eta nora irits gaitezkeen, baldin eta geure buruari sentitzen uzten badiogu. Eta ez naiz sinesmen erlijiosoaz ari. Daukazun gauza bakoitza preziatzen duzu orain”. Sendagileek adierazi zioten, funtsean, zortekoa izan zela larrialdia ospitalean gertatu zitzaiolako eta zorionekoa dela. “Bi aldiz jaio zarela ospatu behar duzu, zure jaioterrian eta, hemen, Santanderren, urriaren 6an”.

“Kontatu, bihotzeko gaitza eta esperientzia kontatu zuen José Luis Sampedro idazleak, eta erabat identifikatzen naiz haren Monte Sinaí liburuarekin”. New Yorken artatu zuen Valentín Fuster kardiologoarekin batera liburu bat argitaratu zuen: La ciencia y la vida. Ruth sendagileak zer moduz zegoen galdegin ziolarik, idazleak erantzun zion: “Wonderful, halako esperientziarik sekula bizi gabea nintzen eta liluragarria da”. Eta Leire Ugaldek, itsasoa begietan, bat egiten du: “Nik horixe sentitzen dut”.

ASTEKARIA
2009ko uztailaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude