Iruña-Veleiaren lehen erreferentzia historiografikoa XVI. mendekoa da, Diego de Salvatierraren eskuizkribuan jasoa.
Azternategian lehenengoz XIX. mendean egin ziren lanak, dakigunez behintzat, Florencio Janer buru zuen Arabako Monumentuen Batzordearen eskutik.
1900. urte inguruan, Jaime de Verastegui presbiteroa harresiaz barruko eremuaren iparraldean ikerketa lanak egiten hasi zen. Lan horien ondorioz, egitura handi baten arrastoak azaleratu ziren. Castellum aquae moduan identifikatu zuten orduan; Goi Inperioko eraikin bat zen, gerora, erromatarren gainbehera garaian eraikitako harresiak hartu zuena.
Lanak ez ziren berriro abiatu joan den mendearen erdira arte. 1949tik 1954ra Gratiniano Nietok hainbat sektore industeari ekin zion. Zenbait eraikin aurkitu eta garbitu zituen esparru harresituan, eta harresiaren kanpoko zati bat ere garbitzen aritu zen.
Indusketa lanak berriro eten eta gero,1974-75ean Juan Carlos Elorzak kanpaina burutu zuen harresiaren sarbide nagusiaren inguruetan.
Azken urteetan Lurmen enpresa aritu da aztarnategian indusketak egiten, Eliseo Gil buru zela.
Baina lanak duela ehun urte baino gehiago hasi arren, hainbat hektareako azalera duen aztarnategi zabalaren zati oso txiki bat baino ez da industu. Soilik oppidumak 10 hektareako azalera du eta harresiz kanpo hiri erromatarrak askoz azalera handiagoa hartzen zuen. Beraz, Iruña-Veleiaren benetako dimentsioa eta garrantzia deskubritzeke dago.