argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2009ko uztailaren 14a

Gari Berasaluzek Zuzeu.com webgunean, Stieg Larssonen liburuez: "Nire inguruko guztiek gazteleraz irakurri dituzte lehen bi liburukiak, nik neuk bezala. Akaso hemendik 20 urtera irakurri ahal izango ditugu euskaraz… Literatura unibertsala euskarara ekartzeko ekimena egundokoa da, beharrezkoa inolako dudarik gabe, baina ezinbestekoa iruditzen zait best-seller garaikideak ere euskaraz irakurri ahal izatea. Horretarako, liburu batek zer eskaini behar duen, literatura ona zer den, salduenen morrontzan erortzeak duen arrisku larria, zer eta zergatik itzuli behar den, irakurlegoa zabaltzeko modua zein den eta abar luzea hartu beharko genuke hizpide, baina hori beste kontu bat da, mamitsua izan arren, argitaletxeek liburuak itzultzeko zer-nolako laguntza jasotzen duten, ala ez duten jasotzen, eta antzekoekin batera".

 

Rafa Zulaika Baionako Euskal Museoko zuzendariaren esanak bildu ditu Irutxuloko Hitzak: "Badirudi San Telmo berritzeko eta berpizteko nahia dagoela. Eraikina berritzen ari direla badakit. Nik benetan esaten dut, San Telmok barrutik behar duela berpiztu. Publikoa berreskuratzea, eskaintza egokia egitea publikoari... (...) Nire aldarrikapena honakoa da: zer izan nahi duen eta nola lortuko duen pentsatu behar dute (...) Tabakalerako egitasmoei buruzko ideiak lehenago iritsi zaizkit berrikuntzarenak baino. Eta hori interesgarria da hausnarketa eta eztabaidarako".